Arrasate Udaleko langileen aldeko adierazpen instituzionala
2026/01/14
Arrasateko Udaleko langile publikoek eguneroko lana ardura handiz, gaitasun profesionalarekin eta herritarren zerbitzura aritzeko bokazioz betetzen dute. Denek dute ezinbesteko zeregina udal zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten eta gure herriko elkarbizitza bermatzeko; izan hauek gizarte zerbitzuetan edo BAZen herritarrak artatzen dituztenak, zein udaltzainak, brigadako langileak edota administrazioko langileak.
2026ko urtarrilaren 9ko gauean, herritar batek bi aldiz Udaltzaingora deitu zuen, bi pertsona grafiti bat egiten ari zirela salatuz. Egiten ari ziren grafitiak ez zuen eduki politikorik, egileen sinadura soilik jasotzen zuen. Protokoloari jarraika, Udaltzaingoa bertaratu egin zen eta grafitia egiten ari ziren bi pertsonak identifikatzera zihoazela, hauek, korrika atera ziren.
Grafitiak egiten atzematearen ondorioa identifikazioa eta administrazio espedientearen irekiera dira, Arrasaten inor ez da atxilotu horregatik.
Behin gazteetako bat identifikatzen ari zirela, 6-10 pertsonek, makilak eskuan, Udaltzaingoa mehatxatu zuten. Udaltzaingoak, bere segurtasuna arriskuan ikusita, alde egin behar izan zuen, eta horietako makil bat Udaltzaingoak konfiskatu zuen.
Adierazpen askatasunerako eta edozein udal politika kritikatzeko edo zalantzan jartzeko eskubide legitimoa du herritar orok, hala ere, gai honen harira, egunotan, desinformazio mezuak zabaltzen ari dira herrian, frogarik gabeko akusazioak eginez, Udaltzaingoaren aurka.
Arrasateko alkateak hainbat bilera eta elkarrizketa izan ditu pertsonalki udal langileekin, identifikatutako gaztearekin eta haren gurasoekin.
Udalaren ezinbesteko obligazioa da herritarrentzat lan egitea, baita udal langileei errespetua eta lanerako espazio segurua bermatzea ere. Aldi berean, herritarren esanetara gaude, eta, beraz, ezinbestekoa da hurbileko eta kalitatezko zerbitzua eta hartu-emana bermatzea, etengabe hobetzeko bokazio argiz.
Horregatik guztiagatik, udal honetan ordezkatuta gauden alderdiok uste dugu beharrezkoa dela adieraztea udal langile guztiekiko gure babes instituzionala eta erabateko konpromisoa.
Erabakiak
- Arrasateko Udaleko Udalbatzarrak babesa eta aitortza adierazten die udal langile guztiei, bereziki herritarrei arreta zuzena ematen aritzen direnei, eta kasu honetan
- Udal bezala asko kezkatzen gaituen gaia da, eta erantzukizunez ari gara lanean. Bizikidetza kaltetzen duten jarrerak ez dira onargarriak.
- Udaltzaingoaren lana integrala da, eta herritarrei laguntzeko bokazioa du, egoera zailenetan ere, gainontzeko zerbitzu publikoak bezala. Udaltzaingoaren hurbileko ereduaren alde lanean jarraituz.
- Arrasateko Udalak berresten du Arrasateko herritarrekin duen konpromisoa. Berresten du, halaber, zerbitzu publikoarekin duen konpromisoa, etengabe hobetzeko eta kalitatezko arreta emateko bokazioa, bai eta bertako langile guztiekin duen konpromisoa ere, eta gogorarazten du horietako bakoitzaren jarduna lagungarri zaiola Arrasateko herritar guztion ongizateari, segurtasunari eta bizikidetzari.