Arrasatearrekin hartutako konpromisoa betetzen ari gara: proiektu estrategiko guztiak martxan daude

2021/06/10
Maria Ubarretxena, alkatea: "Arrasatearrak ardatz nagusi dira, herriaren garapen soziala, ekonomikoa, iraunkorra, kulturala eta identitarioa bultzatuz eta etorkizuna oso presente izanik"

2019-23 legegintzaldiaren erdialdera iritsita, Arrasateko udal gobernuak bere ibilbide politikoaren balorazio "positiboa eta errealista" egin du: "Azken urte hau zaila izan da, Covid-19aren pandemiak eragin sanitarioak, sozialak eta ekonomikoak izan ditu gure udalerrian, eta horrek ere eragina izan du udal politiketan. Gure ahalegina izan da inor atzean ez uztea, baina badakigu ez dugula beti asmatu. Hala ere, gure helburua da legealdi hasieran emandako hitza betetzea, eta lortu dugu proiektu estrategiko guztiak martxan jartzea. Arrasatek suspertu beharra dauka, arrasatearren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Ausartak izan behar dugu, eta horregatik lanean jarraitzen dugu Arrasaterentzat, Arrasateren etorkizunarentzat eta Arrasateko herritarrentzat ", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

"2020ak ekarri dizkigun zailtasunak kontuan izanda ere", Victoriano Fuentes obra eta zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, "Inbertsio mailari eutsi diogu eta neurri batzuk hartu ditugu hainbat sektoreri babesa eta laguntza emateko. Aurreko legealdian lortu genuen, hiru milioi euroko zorra kitatzea, eta, gaur egun esan dezakegu 0 zorra duen udalerri bat garela".

"Dena den, ez gara konformatzen eta lanean jarraitu behar dugu leku bat uzteko belaunaldi berriak ondo bizi ahal izan daitezen, eta ongizatea eta garapen sozial eta ekonomikoa bermatzeko. Garaia da eraikitakoaren gainean hobetu eta hazteko. Oraindik erronka asko ditugu aurrean", azpimarratu du Ubarretxenak.

Udal gobernuak adierazi du legegintzaldi honetan ibilbide orri bat lantzen ari dela, "2019-2023ko Legegintzaldiko Plana. Arrasate 2030", eta bi ardatz nagusitan oinarritzen da: gizarte ongizatea eta garapena bere forma zabalenean.

Plan horrek 6 ardatz estrategiko hauek jasotzen ditu:

  • Udalerri aurreratua, komunitateari kalitateko aukerak eta zerbitzuak eskainiko dizkiona
  • Lan ingurune egokia, udalerri bizia eta erakargarria
  • Klima aldaketa eta udalerriaren eraldaketa
  • Inor atzean uzten ez duen udalerria
  • Euskaraz bizi gura duen Arrasate
  • Herritarrekin batera aurrera egiten duen udalerria

"Legealdiko planaren helburua da Arrasateko garapen soziala, ekonomikoa, iraunkorra, kulturala eta identitarioa bultzatzea, etorkizuna oso presente izanik. Hori da gure proiektu estrategiko guztien oinarria eta gakoa. Eta denak martxan daude. Gure hitza bete dugu eta lanean jarraituko dugu, etorkizunean horrela izaten jarraitu dezan, herritarrekin batera".

 

10 proiektu estrategiko abian

  • Kulturola kulturaren tokiko gunea izango da. Aurreikusten da lanak amaitzea 2021aren amaieran eta 2022aren hasieran; 18 kultura eragile eta elkarte baino gehiago hartuko ditu, euskaltegia ere bai.
  • Irisgarritasuna: Arrasatek auzo du alturan, eta udal gobernuarentzat funtsezkoa izan da eta da oraindik ere irisgarritasuna bermatzea. Aurreko legealdian Makatzenako igogailuak jarri ziren martxan eta legealdi honetan Erguin eta Santa Teresa auzoetan jarriko dira. Erguinen lanak 2021eko ekainean amaituko dira eta Santa Teresak 2023an izango ditu igogailuak.
  • Gobernu taldeak herritarrekin batera egin du TAO sistema berria. Arrasaten mugikortasun eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eta erakargarriagoa eraiki nahi da, eta horretarako autoen fluxua murriztu. 2021eko irailean jarriko da martxan.
  • JAME, Juan Azarmendi Musika Etxea: Arrasate musikal eraikin enblematiko honetara itzuliko da azkenean, 14 urteko behin-behinekotasunaren ostean, eraikinaren egoera txarraren ondorioz lehen solairua eraitsi zenean. Eraikina Arrasate Musikalen eta Goikobalu abesbatzaren egoitza izango da. Auditorio txiki bat ere izango du, hainbat ekitaldi egin ahal izateko. Birgaitze lanak 2022an amaituko dira.
  • Ekobulebarrak bidegorriari jarraipena emango dio San Andresen Maiatzaren bata plazatik Gipuzkoa etorbideraino. Apustu irmoa da mugikortasun parametro berrien alde, udalerria eraldatuz, oinezkoei lehentasuna emanez eta bizikletari leku egokia eskainiz. Ekobulebarrak espaloi zabalak, bidegorria eta trafikorik gabeko hirigunea eskainiko dizkie arrasatearrei. 2022an erabat amaituta egongo da.
  • Arrasateko Udalak Parkour parkea eraikiko du Obenerrekan. 2019an Haurren Kontseiluak proposatutako ekimenetako bat izan zen. Ezaugarri horiek dituen lehenengo gunea izango da Arrasaten, gizabanakoaren mugitzeko gaitasunean oinarritutako lehen parkea. Eraikuntza berri horrekin, Obenerreka ingurua biziberrituko da, aisialdirako eta kirolerako gune gisa. Obraren amaiera data: 2022.
  • Arrasatek Eguneko Zentro berri bat irekiko du Garibain mendekotasun txikia duten pertsonentzat, herritarren ongizatea bermatzeko. Zentro espezializatu bat izango da ezintasuna duten adinekoak zaintzeko, ezin dituztenean normaltasun osoz egin narriadura fisiko edo kognitiboren bat edo eguneroko zereginak. 600.000 euroko inbertsioa, 2023an erabat funtzionamenduan sartzeko.
  • Jose Luis Iñarra kalea berrurbanizatzea izan zen herritarrek 2019ko partaidetzazko aurrekontuetan lehenetsitako proiektuetako bat. Horrela, herritarrekin hartutako konpromisoa betetzeko eta Arrasate atseginago baten alde egiteko, udal gobernuak beharrezkoak diren esku-hartzeak landu ditu bizilagunekin batera, auzoaren irisgarritasuna bermatu eta hobetzeko. 2023an izango da.

 

Etorkizunerako proiektua: Arrasateko kirol instalazioak – Musakola kiroldegia

Musakola kiroldegiak 44 urte ditu eta Gipuzkoako zaharrena da. Aurreko legealdian udal gobernuak prest utzi zuen Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua. Orain, bigarren faseari ekin diote: Musakolako kiroldegiaz gain, herriko azpiegituren mapa landu nahi dute herritarrekin, hala nola Iturripeko kiroldegia edo Uarkapeko frontoia berritzea, Arrasatek kirol azpiegituren sistema integrala izan dezan.

2. fasearen helburua izango da Arrasateko kirol azpiegituren mapa partekatua sortzea, tokiko klubetako ordezkariekin, erabiltzaileekin zein herritarrekin. Maparen barruan, kirol azpiegiturei eta horiek berritzeari buruzko egungo diagnostiko partekatua sortuko da, eta kronograma bat adostuko da berritze lanak egiteko.


Herritarrei mezu bat helaraztea eskerrak emateko

"Ez dugu aukera pasatzen utzi gura, eta eskerrak eman gura dizkiegu Arrasateko herritarrei, udalari eta udalerriari dagokien guztian parte hartzeagatik. Ehunka arrasatearrek parte hartu dute Arrasate hobetzeko urte hauetan martxan jarri diren partaidetzazko prozesuetan. Era berean, hobetzeko iradokizunak jasotzen dira egunero, eta horrek agerian uzten du herritarrek beren herriarekiko duten interesa eta inplikazioa. Inplikazio hori barik ezinezkoa izango litzateke Arrasate hobetzen jarraitzea; beraz, udal gobernutik esan gura dizuegu: eskerrik asko", azpimarratu dute.