Arrasatek bat egin du ‘Emakumeak gora!’ kanpainarekin

2023/03/07
Card image cap
Lelo horrek aldarrikatzen du gure gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Emakumeak gora! da 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa, eta Emakundek bultzatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera. Arrasateko Udalak bat egin du kanpainarekin. Lelo horrek aldarrikatzen du gure gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu du “Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak. Boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko; haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean. Kanpaina honekin honelako ideiei egin nahi diegu aurre”.

Kanpainak, aldi berean, erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 emakumeak direla adierazten duten datuak emanez.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta gogorarazten digutenez:

  • Emakumeek gerentzia-postuen % 6 bakarrik betetzea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik. Erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen % 23 baino ez ordezkatzea ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzea ez da guk bakarrik dakigulako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek zaildu egiten du gure garapen profesionala.

Kanpainaren informazio guztia www.emakumeakgora.eus web orrialdean.

Arrasatek ere egitarau zabala antolatu du eta Emakume Txokotik azpimarra jarri nahi izan dute Martxoaren 8an Arrasateko Mugimendu Feministak antolatutako deialdietan eta herritarrak gonbidatu dituzte horietan parte hartzera: Martxoaren 8an goizean neska* gazteek antolatutako kontzentrazioan eta arratsaldean Mugimendu Feministak deitutako manifestazioan eta amaierako ekitaldian.