Arrasatek bertan behera utziko ditu gaur arte ezagutu ditugun San Juan jaiak

2020/05/20
Arrasateko Udalak, udal talde politiko guztien onespenarekin (EAJ, EH BILDU, PSEE Elkarrekin Arrasate) eta Kultura Batzordearen proposamenez, ekainaren 23tik ekainaren 26ra ospatzea aurreikusia zeuden San Juan jaiak bertan behera uztea erabaki du; hala ere, jaiak irudikatzeko ekintza sinbolikoren bat egitea ez da baztertu.

Udal ordezkariak jaien antolaketan parte hartzen duten eragileekin elkartu dira erabakia partekatzeko eta, jaiak irudikatzeko ekintzaren bat egite aldera, eragileen ideia edo eta planteamendu ezberdinen proposamenak entzuteko.

Udalak berretsi duenez, koronabirusak eragindako alarma egoerak eta libre mugitzeko askatasun ezak "bateraezinak" egin dituzte San Juan Jaiak bere horretan ospatzea.  

Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaien antolakuntzan diharduten eragile guztiei eta hurrengo asteetan erabaki eta iragarriko da egoera aldakorraren arabera era bateko edo besteko ekintza edo egitaraua.