Arrasatek Herri Marka berria aurkeztu du, ate berriak zabaltzeko asmoz

2025/05/30
Card image cap
Marka berriak “Ate berriak zabalduz” leloa izango du, markaren oinarri eta “arrasateartasunaren isla” izango dena. Marka berriak arrasatearren nortasuna, elkarlana eta etorkizunerako ikuspegiak irudikatzen ditu.

Gaur arratsaldean, Arrasateko Udalak herri marka berriaren aurkezpen publikoa egin du. Herriko hainbat eragile eta herritar hurbildu dira Seber Altubeko ekitaldira, eta giro bero eta parte-hartzailean ospatu dute ekimena. Marka berriaren irudia, kontakizuna eta leloa ezagutzeaz gain, herritarrek aisialdi giroaz gozatzeko aukera izan dute, besteak beste luntxa izan da, telazko poltsa bana eramateko aukera izan dute eta photocallean argazkiak ateratzeko aukera ere izan dute. Txikienentzat ere espazio berezi bat egon da, Txatxilipurdiren dinamizazioari esker.


Ekitaldiaren hasieran, aurkezleak Arrasateko irudi kolektiboaren eta herri markaren garrantzia azpimarratu du: “Marka bat ez da soilik irudi bat; izana, izena eta asmoak batzen dituen tresna da, eta marka berri hau horixe izateko jaio da: nor garen eta nora goazen kontatzeko modu partekatu bat.”


Marka berria, elkarlanean sortutako tresna kolektiboa


Maider Morras alkateak, bere hitzartzean, aurkezpena mugarritzat jo du herriarentzat:
“Gaur hemen aurkezten ari garena ez da aurkezpen soil bat. Mugarri bat da gure herriarentzat, bide berri baten hasiera.” Haren esanetan, marka berriak ez du soilik irudi bat ordezkatzen: “Ez da logo bat, ezta kolore sorta bat ere. Marka hau tresna bat da, tresna kolektibo bat. Arrasatearrontzat sortua, guztion artean erabilia izateko sortua.”


Alkatearen esanetan, marka berriak Arrasateko nortasuna eta historia islatzeaz gain, etorkizunera begiratzeko konpromisoa dakar: “Ate berriak zabaltzea ez da ekintza sinple bat. Ausardia, prestutasuna eta irekitasuna eskatzen ditu. Eta Arrasatek badaki zer den berrikuntzari ateak zabaltzea.”


“Ate berriak zabalduz”, marka berriaren leloa


Marka berria hiru elementu nagusik osatzen dute: kontakizunak, leloak eta irudi grafikoak. “Ate berriak zabalduz” leloak arrasatearren izaera bidegilea islatu nahi du, eta aldi berean gonbidapen argia da: herritarrei euren herriaren etorkizunaren eraldaketan parte hartzeko deia.


“Elkarrekin eraikitako marka da, eta elkarrekin erabiliko dugun tresna izan nahi du”, adierazi dute.
Irudi grafikoak ate bat iradokitzen du, eta bide bat irekitzen dela transmititzen du. Irudiak, gainera, herriko arkitekturaren eta dragoiaren azala oroitarazten ditu, herritarren iruditeria kolektiboan sustraituta dauden elementuak.


Kultura eta parte-hartzea oinarri


Ekitaldian zehar, Ane Zuazubiskar bertsolariak eta Marta Eizagirre musikariak marka berriaren kontakizun poetiko eta musikala aurkeztu dute. “Arrasaten aitzindariak izan gara askotan, ez harrokeriagatik, herritarren ametsak gauzatzeko modu bakarra zelako baino. Eta beti taldean egin dugu, gure arbasoak burdina lantzen hasi zirenetik, kooperatiba eta ekimen berriak sortzen jarri ginen arte. Bihar ere egin beharko dugu, etengabe berrasmatu beharko baitugu gure herria, arrasatear diren eta izan nahi duten guztientzako ateak zabaltzeko. Halaxe jarraitu nahi dugu Arrasaten, ate berriak zabalduz”.


Marka berria Udalaren ardatz estrategikoekin bat datorrela ere azaldu du Udalak: berrikuntza sozial eta ekonomikoa, gobernantza parte-hartzailea eta bizi-kalitatearen hobekuntzan oinarrituta.
“Gure ustez, benetako erreferente izatea ez da soilik egindakoaz harro egotea. Etengabe irekita egotea da: ideia berriei, proiektu berriei, eta batez ere, elkarrekin eraikitzeko borondateari”, adierazi du alkateak.
Arrasatek, "ate berriak zabalduz", bere historia eta nortasunari leial jarraiki, etorkizunera begiratzeko prestutasuna erakutsi du gaurko aurkezpenarekin.


Arrasateko sektore ezberdinetatik, ate berriak zabaltzeko prest

  • Sektore eta elkarte ezberdinetako kideek ere ekitaldian parte hartu dute. Bakoitza bere lan esparrutik, Arrasaterentzat ate berriak zabaltzeaz jardun dute. Ekitaldian parte hartu dute:
  • Ihabar Arriaran - Arrasate Rugby Taldeko kidea
  • Idoia Peñacoba - Mondragon Unibertsitateko idazkari orokorra
  • Fuityy Mahamud - Saharar komunitateko kide
  • Eider Etxebarria - Bizipoz kooperatibako kide
  • Maria Oses - Kulturgilea eta artista