Arrasatek lehen aldiz aurkezten du bizitegi-merkatuaren tentsio eremuaren inguruko diagnosi eta ekintza plana

2025/06/04
Card image cap
Udalak egindako gune tentsionatua izendatzeko eskaerari erantzun beharko dio orain Eusko Jaurlaritzak. Ekintza planak 4 ardatz izango ditu: Alokairu eskuragarria sustatzea, bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza, alokairurako laguntza-sistemak eta gobernantza berria eta erakundeen arteko koordinazioa.

Arrasateko Udalak urrats garrantsitzua eman du Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 Legearen testuinguruan, udalerri mailan lehen aldiz bizitegi-merkatuaren tentsio egoerari buruzko diagnosi sakona eta berariazko ekintza plana osatuz eta aurkeztuz. Neurri horiek Eusko Jaurlaritzaren aurrean izendapen formala eskuratzeko helburuz bideratu dira, eta udalerrian etxebizitza eskuragarria bultzatzeko oinarri izango dira.

Txostenak udalerri osoaren egoera sozioekonomiko eta demografikoaren azterketa xehea jasotzen du, Arrasate osoa Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatu ahal izateko baldintzak betetzen direla frogatuz. Hain zuzen, udalerrian lehen aldiz politika publikoetatik abiatuta halako mailako azterketa integrala egin da, eta horren ondorioz, estrategia argi batekin egituratutako Ekintza Plana diseinatu da hurrengo hiru urteetarako.

3 urtetarako ekintza Plana: etxebizitza politika aurreratu baterako ibilbide-orria

Arrasateko Udalak diseinatutako Ekintza Plana datozen 3 urteetarako martxan jarri beharreko ekintza sorta bat da, etxebizitza eskuragarri eta bidezko baten norabidean martxan jarri beharreko neurri multzo integrala, diagnostiko tekniko sendo baten ondoren definituta. Plan honek hiru urteko indarraldia izango du, eta lau ardatz estrategikotan antolatuta dago:

1. ardatza – Alokairu eskuragarria sustatzea

Eremu tentsionatu izendapenaren helburu nagusietako bat alokairuaren prezioaren muga jartzea da, eta honekin batera datozen bestelako neurri batzuk abian jartzea.

Ardatz honetan helburua etxebizitzaren eskaintza areagotu eta hobetzea da. Lau estrategia ditu: lehenengo biek zuzenean eragiten diote parke publikoaren hazkundeari, garapen berrietan alokairuzko bizitegi babestuak sustatzeak eta zuzkidurazko bizitegiak garatzea. Hirugarren neurriak modu induzituan eragingo luke. Landa eremuetan bizitegiak berriak sustatzea du helburu herriguneko presioa murrizte aldera. Azkeneko neurria zeharkako neurria da baina garapen berriei eragiten die bereziki, hirigintzaren eta arkitekturaren bidez eraikuntza kostuak murrizteak promozioak merkeago garatzea ahalbidetzen du, bai alokairu eta baita erosketa merkatuen gaineko presioa apur bat arinduz.

  • Hiri-garapen berriak: gaur egun HAPOn jasotakoak berraztertu eta dokumentu berrirako bizitegi parke dibertsifikatu bat garatzea proposatzen da, nahasketa orekatu bat bilatu nahian. Honekin batera, jabetza publikoko orubeak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskainiko zaizkio, eraikuntzaz arduratu dadin. Honen eredu jarri du Etxeberriak San Andres berriko lur saila, dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari direla adieraziz.
  • Zuzkidurazko bizitoki eskaintza handitu nahian, baliabide publikoak erabiliz, bizitza fase ezberdinetarako aukera anitzak bilatzea du helburu. Ekipamendu ezberdinak aztertuko dira lan lerro honetan. Honen eredu La Merced eraikina jarri du Etxeberriak, “erakunde ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da proiektu hau aurrera eramateko, Udalaren ahalmen ekonomikoa mugatua da proiektu honek eskatzen duen inbertsio handia egiteko. Horregatik, lanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin” azaldu du.
  • Landa eremuen biziberritzeko estrategiak ere sustatuko dira, HAPOaren berrikusketaran baitan, erabilera ezberdinak aztertuz, edo landa eremuko nukleoetan bizitegi babestuak sustatuz.
  • Diseinuaren bidez sustapenari dagokionez, urbanizazioa garatzeko beste modu batzuk aztertu, etxebizitza-eraikinei lotutako aparkalekuen diseinu eta kokapena berrikusi, edota etxebizitza modular eta malguen garapenerako ideia berritzaileak erakartzeko lehiaketak sustatzea aurreikusten da.

2. ardatza – Bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza

Etxebizitza zaharren egokitzapena eta hiri-ehunaren birgaitzea da ardatz nagusia.

  • Babestutako etxebizitzaren kalifikazioaren estrategiari lotuta, hiri kontsolidatuan bizitegi babestuak lortzen joateko aukeran bidea egitea da helburua, birgaitze handiko jarduketetan gutxieneko babestutako kopuru bat arautuz, lokalak bizitegi bihurtzeko udal ordenantza berraztertu eta egokituz, edota etxebizitza banaketan etxe berrien izaera aukerak aztertuz.
  • Dentsifikazio bidezko berroneratzeari dagokionez, HAPO berriari begira, eta epe luzeko plangintzarako eztabaidarako, auzoen dentsifikazio estrategiak aztertzea jartzen da mahai gainean batetik, eta industriguneen mixifikazioari (erabileren nahasketa) buruzko gogoeta bestetik.
  • Bizitegi parkearen berrikuntza bultzatzeko bidean, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa bermatzeko nahia gogoan, dirulaguntza lerroen azterketa edo EIOZn hobari sistemaren azterketa proposatzen dira ekintza gisa.

3. ardatza – Alokairurako laguntza-sistemak

Prestazio eta pizgarri ekonomikoen bidez, alokairurako sarbidea erraztu nahi da.

  • Gazteen emantzipazio prozesuak laguntzeko, gaur egun indarrean dauden laguntza lerroei buruzko informazio eta jarraipen lanak aurreikusten dira, eta baita udalak propio dituen lerroak optimizatzea ere.
  • Kolektibo zaurgarrientzako babesa indartzeko, etxebizitza eskubide subjetiboaren eskariaren, eta DSBE (Diru sarrerak bermatzeko errenta) eta EPE (etxebizitzarako prestazio osagarria) laguntzen jarraipena eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio lanak bideratzea proposatzen da.
  • Neurri fiskalak aplikatuko dira, alokairua sustatzen duten jabe eta sustatzaileentzako pizgarri gisa.

4. ardatza – Gobernantza berria eta erakundeen arteko koordinazioa

Etxebizitza politikak koherentziaz eta modu integratuan garatzeko marko berria proposatzen da.

  • Estrategia zigortzailea: bere helburua betetzen ari ez diren etxebizitzak martxan jartzea du helburu, hau da, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzea. OHZren gainkarga eta etxebizitza hutsen gaineko kanona aztertu eta ezartzea dira ekintza planean jasotakoak, eta baita alokairu iruzurtien egoeraren ikuskaritzan udalak gainontzeko administrazioekiko informazio trukaketan parte hartzea.
  • Estrategia interbentzionista eta erregulatzailea: honi lotuta, bizitegi garapen eremuetan kooperazio sistemak ezarriz udalak parte aktibo gisa jardutea proposatzen da, etorkizuneko garapenei lotuta. Erregulazioari lotuta aldiz, Etxebizitza legeak jasotzen dituen etxejabe handiaren definizioa, eta alokairuaren igoerari mugak ezartzea dator, prezioen kontrolari eta espekulazioaren aurkako politika gisa; alokairu turistikoaren erregulazioa HAPOan jasotzea ere aurreikusten da.
  • Estrategia optimizatzailea: honen helburua jada eraikita dagoen espazio eta eraikinen erabilera intentsoago bat egitea da. Beraien beharretara hobeto egokitzen den etxebizitza bilatze aldera, trukatze aukera proposatzen da; adineko pertsonentzako bizitoki alternatibak aztertzea (zuzkidura bizitoki izan, ala egoitza alternatibarako akordioak bilatze aldera izan), edo negozioak kale mailara jaisteko proposamena, goi solairuetako etxebizitzak bizitoki bilakatuz.

Etxebizitza, gobernu akordioaren lehentasuna

Kepa Urteagak eta Eva Abuinek, gobernua osatzen duten EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateren bozeramaleak, lanketa honen garrantzia azpimarratu dute.

 “Gobernu planean eta gobernu akordioan etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematen hastea ezinbesteko lan bezala jarri genuen, eta urrats honekin, aurrera pauso handi bat ematen ari gara. Arrasatearrak Arrasaten bizitzeko etxebizitza sarbide duina eta unibertsala behar dugulako. Etxebizitza negozio bezala ulertzetik, eskubide izatera igarotzeko” azaldu du Kepa Urteagak.

“Aurkeztu dugun lanketa honekin etxebizitzari lotutako arazoak identifikatzen ditugu eta hauei irtenbide emateko bideorri bat ezartzen dugu. Jakitun gara baina, Udalaren eskumenak oso mugatuak direla etxebizitzaren merkatuan interbenitzeko. Baina gure esku dauden konpetentzia guztiak erabiliko ditugu honi soluzioa emateko” azaldu du Eva Abuinek.