Arrasatek nazioarteko mailako ELAren ikertzaileak bildu ditu ArrasatELA Symposium 2026an
2026/10/29
DalecandELA elkarteak antolatutako sinposioaren bigarren edizioak mundu mailako ikertzaileak bildu ditu Arrasaten, urriaren 28tik 30era, gaixotasunaren inguruko ezagutza partekatzeko eta ikerketaren arloan lankidetza berriak sustatzeko.
Arrasaterentzat ohore handia da nazioarteko erreferente diren ikertzaileak herrian hartzea. Aukera paregabea da, gainera, zientzia herritarrengana hurbiltzeko eta ELAren inguruko kontzientzia zabaltzeko.
Udalak, halaber, bereziki azpimarratu nahi du Jone Lopez-Erauski Arrasateko ikertzailearen lana. San Diegon ELA ikertzen ari den Jonek funtsezko ekarpena egin du nazioarteko komunitate zientifikoa Arrasatera ekartzeko.
Sinposioak hiru eguneko egitaraua du, hitzaldiekin, ikerketa-lanen aurkezpenekin eta zientzialarien arteko topaketekin. Helburua da ELAren ezagutzan aurrera egitea, ikerketaren bidea indartzea eta gaixotasuna duten pertsonen eta haien familien errealitatea gizarteratzea.