Arrasatek terrazen ordenantza izango du: Udalak herritarren parte-hartzea bilatuko du bi saioren bidez

2025/10/06
Card image cap
Terrazen arautzea jasoko duen lehen ordenantza izango da Arrasaten. Arrasate da, 20.000 biztanletik gora dituen Gipuzkoako herri bakarra ordenantzarik ez duena.

Arrasateko Udalak terrazen ordenantza izango denaren zirriborroa landu du, eta horren harira, parte-hartze saio bi egingo ditu herritarrekin iritzi eta balorazioak jasotzeko. Horrela, udalerrian espazio publikoaren erabilera ordenatu eta bizikidetza hobetzeko arau bateratua adostea izango da helburua.

Ordenantza egiteko betebeharra

Gaur egun, Arrasate da terrazak arautzen ez dituen 20.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri bakarra. Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Hernani eta Tolosa bezalako udalerriek dagoeneko halako araudiak dituzte.

“Aurreko legealdian prozesua abiarazi bazen ere, ez zen gauzatzera heldu eta kajoi baten geratu zen. Azken urtean prozesuan lan egiten izan gara ostalari eta herritarrekin, eta, orain, saio irekiak antolatu nahi izan ditugu” azaldu du Maider Morras alkateak. 

Orekak bilatzeko helburua

Ordenantza berriak oreka bilatu nahi du oinezkoen eskubideen, bizilagunen atsedena eta ostalaritzaren jardueraren artean. Helburua da bizikidetza bermatzea eta espazio publikoa guztion artean modu orekatuan erabiltzea.

Araudiaren bidez, guztien eskubideak eta betebeharrak arautuko dira, bai ostalarienak eta merkatarienak, zein herritarrenak, edota Udalarenak ere. Besteak beste, ordenantzak honako arauak definituko ditu:

  • Terrazen instalazioa, kokapena eta ezaugarriak
  • Merkataritza establezimenduek kanpoan jar ditzaketen produktuen erakusteko elementuak
  • Udal baimenaren baldintzak eta mugak
  • Irisgarritasuna bermatzeko distantziak eta oinezkoentzako gutxieneko ibilbideak
  • Altzarien ezaugarriak eta diseinu bateratua
  • Ordutegiak eta erabilera baldintzak
  • Tasa eta lizentzien iraupena eta berritze prozedurak

Bi saio ireki ordenantza ezagutzeko 

Parte-hartze prozesuaren baitan, bi saio ireki egingo dira:

  • Urriaren 8an, Arimazubiko Hizkuntz Eskolan 18:00etan
  • Urriaren 9an, Kulturateko Loramendi gelan 18:00etan

Udalak eta Aztikerrek gidatuko dituzte ordenantzaren aurkezpen saioak. Helburua da arau berri honen edukia ezagutzera ematea, eta herritarren iritzi eta balorazioak jasotzea. Ondoren, definituko den azken testuarekin, abenduko Osoko Bilkurara eramatea aurreikusten du gobernuak, bere onarpenerako. Behin onartuta, aukera izango da baita ere alegazio bidez ekarpenak egitea.