Arrasatek ur parkea bat izango du aurten Santa Barbaran

Proiektua otsailean prest egotea dago aurreikusita eta lanak apirilerako esleitzea, uda amaierarako parkea amaituta egon dadin.

Arrasateko Udalak, Santa Barbaran erabilerarik gabe zegoen ahateen putzuan ur parke bat egiteko martxan jarritako egitasmoa aurten gauzatuko da. Bidein ingeniaritza proiektua lantzen ari da, Haurren Kontseiluak egindako proposamenak aintzat hartuta eta otsailerako prest egotea dago aurreikusita. Otsailean proiektua jaso ondoren, Udalak, parkea eraikitzeko esleipen prozedura abian jarriko du eta apirilerako lanok esleituta egotea aurreikusten da, uda amaiera alderako parkea gauzatuta egon dadin. Lehen aurreikuspenen arabera, egin beharreko inbertsioa 390.000 euro ingurukoa izango da.

Ur parkearen ezaugarriak

Santa Barbara ondoan garai batean ahate putzuak izan ziren zonaldean egongo da parkea, zubitik eta jolas parketik hurbil. Tokiak orientazio ona dauka, egunean zehar eguzkiak ematen baitu eta inguruan belardia dagoenez, egoteko guneak egin daitezke gainera. Parkea guztiz irekita egongo da eta adin ezberdinetako ume eta gazteentzat pentsatu da, lagunekin zein familian erabiltzeko. Ur-parkeak aurrerago zehaztuko den ordutegia izango du, ziurrenik, garaian garaiko ordutegia: ekainean arratsaldez, uztaila eta abuztuan goiz eta arratsaldez eta irailean arratsaldez. Parkea doakoa izango da eta ez du zaindaririk izango, beraz erabiltzaile guztien ardura izango da guztiona izango den ur parkea egoki zaintzea.

Ur-jolasak pizteko botoia sakatu beharko da, inor ez dagoenean, urik ez xahutzeko. Jolasak programatuta egongo dira, hau da, botoia sakatu ostean denbora zehatz batez botako dute ura. Gainera, ur-parkeak ura garbitzeko filtro sistema bat izango du eta ura berrerabili egingo da. Zoruak inklinazio oso txikia izango du, ura parketik kanporatzeko, baina malda erabileran ez da ia nabarituko eta zorua berezia izango da, ez labaintzeko, erorketak saihesteko eta segurtasuna bermatzeko.