Arrasateko ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainaren 7.062 bono saldu dira herriko saltokietan dagoeneko 211.860 euroko erosketa aukera sortuz

2020/07/03
Card image cap
Udalak, jada, 85.500 euroko ordainketak burutu dizkie merkatariei eta jadanik 77 saltoki ezberdinetan erabili dira bonoak

Koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, herriko saltoki asko itxita egon ziren. Arrasateko Udalak, herriko negozioei itxialdiak ekarritako krisiari buelta ematen laguntzeko, ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpaina jarri zuen abian ekaina hasieran. Helburu du bertako kontsumoa suspertu eta egoerak kaltetutako familiei laguntzea.

Kanpaina horren lan ildoetako bat erosketa bonoak dira: guztira 15.000 jaulki dira, herritarrak 10 ordainduta 30 euroko balioa eskuratzen du, eta lehen hilabetean 7.062 saldu dira. Familia bakoitzeko bat edo bi eskura daitezke unitateko kideen arabera. Orain arte saldutako 7.062 bonoek, 211.860 euroko erosketa balio aukera sortu dute dagoeneko herriko saltokietan.

Herritarrek dagoeneko bonoak gastatzen ari dira eta momentuz 77 saltoki ezberdinetan erabili dira. Udalak, jada, 85.500 euroko ordainketak burutu dizkie merkatariei, ahalik eta denborarik laburrenean berehalako likidezia eskaintzeko. 4 egunetik behin ari da burutzen bonoen trukeko ordainketak Arrasateko Udala.

Kanpainak aurrera darrai. Abuztuaren 31ara bitarte eskura daitezke bonoak Udalean bertan eta BAZen. Urriaren 31a bitarte gastatu daitezke.

3 lan ildo ditu ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainak

‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainak hiru lan-ildo ditu: 450.000 euroko kontsumo bonoak (300.000 euro finantzatzen ditu Udalak), bertako saltokietan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina, eta itxita egon diren edo zerbitzu minimo bat eskaini duten 15 langile edo gutxiagoko enpresei 2020ko lehen sei hilabeteetako ur, zabor eta mahai eta aulkien tasak ez kobratzea. Tasen bonifikazioa BAZen edo telematikoki tasak@arrasate.eus helbidearen bitartez burutu daiteke.

Familia bakoitzak, kideen arabera, bonu 1 edo bi izango ditu erreserbatuta

Arrasateko familia bakoitzak bono bat edo bi izango ditu erreserbatuta: 1 edo 2 pertsonako familia unitateak bono 1, eta 3 edo gehiagoko familia unitateek 2 bono.

Bono bakoitza hiru frakzioz osatuta dago: 5€, 10€ edo 15€. Frakzio bakoitza zatiezina da.  Bonoak gastatzeko Nortasun Agiria aurkeztu beharko da aldi berean.

Bonoak Arrasateko establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira: denda edo zerbitzuak. Kanpainatik kanpo geratuko dira azalera handiko saltokiak, loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak eta janari dendak.

Bonuei buruzko informazio gehiago behar izanez gero jo honako web orrialdera: www.txikiakegitengaituhaundi.eus.