Arrasateko autobus urbanoak araudi propioa izango du aurrerantzean

Martxoaren 14an sartuko da indarrean erregelamendua. Pertsonen irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzea bereziki baloratu da araudia idazterakoan

Orain arte Arrasateko autobus urbanoak ez du erregelamendu propiorik izan. Arrasateko Udala “gipuzkoako garraio agintaritzan” sartu zen, eta konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako Lurralde Historikoko bidaiarien garraio publikoko zerbitzua arautzen duen araudia harmonizatzeko egokiak diren jarduerak hasteko. Hortik dator araudi honen sortzea. Erregelamendu hau idazteko prozesuan, zuzenean eragiten dien taldeek parte hartu dute: ezinduek, txirrindulariek, ONCEk, familia ugariek…

Irisgarritasun unibertsala

Araudia idazterakoan bereziki kontuan hartu da “Irisgarritasun unibertsala”: administrazioek eskura dituzten tresna guztiak erabili behar dituztela pertsonen irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzeko, alegia. Honekin lotuta, besteak beste, mugikortasun murriztua duten pertsonei erreserbatutako plazak okupatzen ez uztea erabiltzaileen zein gidarien arau-hauste bezala tipifikatu da. Halaber, berariazko tarifa-araubide bat ezarri da itsuen eta aulki gurpildunean dabiltzanen pertsonen laguntzaileentzat; hauek doan bidaiatu ahal izango dute.

Eskubideak eta betebeharrak

  • Hizkuntza ofizialen erabilera: Eskubide hori bermatzea administrazioaren eta garraio-enpresaren ardura izango da.
  • Familia eta lana bateratzeko erraztasunak: Ahalbidetu da 5 urtetik beherako 4 adingaberekin batera bidaiatzea eta adin horretatik aurrerako haurrek bidaiatu ahal izatea, gurasoek edo tutoreek horretarako baimena ematen badiete.
  • Bizikletak autobusera igotzeko aukera: Azoka egunetan izan ezik (asteazken eta ostiralak 09:00/13:00) bizikletak autobusera igo ahalko dira, horretarako lekua baldin badago. Halaber, tolestutako bizikletak eskuko ekipajetzat hartuko dira.
  • Etxeko animaliak eramatea: Autobusen ezaugarriek hala ahalbidetzen dutenean eraman ahalko dira, beti ere jabeen alboan edo beraien ardurapean joan beharko dira eta txakurren kasuan, lotuta eta bozalarekin. Txakur arriskutsuak ezingo dira eraman autobusean.
  • Gidariaren irizpidea errespetatu: Autobusean sortzen den edozer zalantza edo eztabaidaren inguruan, gidariaren irizpidea iango da nagusitzen dena eta errespetatu egin beharko da.


Arrasateko urbanoaren araudia osorik hemen.

Jarraipen batzordea araudia zaintzeko

Erregelamenduan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan jarraipen-batzorde bat sortzea erabaki da, honela osatuta egongo dena: kontsortzioko kide diren administrazioen ordezkariak, garraio-enpresen ordezkariak, eta mugikortasuna mugatua duten edo bestelako mugaketa psikiko edo sentsoriala duten pertsonen alde lan egiten duten elkarteen ordezkariak.

Kontsulta-izaera izango duen batzorde horrek erregelamendu hau bete eta garatuko dela zainduko du eta, egokia bada, Gipuzkoako gizartearen eskakizunei behar bezala erantzun ahal izateko testuak behar dituen aldaketak proposatuko ditu.