Arrasateko Elikadura Mahaiak jendaurreko aurkezpena egingo du ostiral honetan, tokiko elikadura sistema indartzeko asmoz
2026/06/03
Datorren egubakoitzean, ekainak 5, Arrasateko Elikadura Mahaiak bere proiektua eta norabidea jendaurrean aurkeztuko ditu Kulturaten, arratsaldeko 18:00etan. Urtebeteko ibilbide emankorraren ondoren, ekimen honek bere izaera, misioa eta herriarentzat dituen etorkizuneko erronkak gizarteratu nahi ditu.
Ibilbide baten emaitza
Arrasateko Elikadura Mahaia 2025ean jarri zen abian, tokiko elikadura sistema jasangarri eta kalitatezkoa sustatzeko asmo irmoarekin. Sortu zenetik, proiektuak hainbat fase garrantzitsu gainditu ditu:
- 2025eko otsailean: Formazio saioak egin ziren oinarriak finkatzeko.
- 2025eko ekainetik abendura: Mahaia aktibatzeko talde eragilea eta lantaldeak osatu ziren.
- 2026ko urtarriletik aurrera: Egonkortze faseari ekin zaio, estrategiak eta erronka zehatzak definituz.
Sektore anitzeko elkarlana
Ekimen hau elkarlan zabal baten fruitua da. Elikadura Mahaia sektore anitzeko eragileek osatzen dute: Arrasateko Udala, Debagaraia Landa Garapen Elkartea, Ereindajan, Txatxilipurdi, herriko ekoizleak (Errastiko ogia, edota Elkoro baserria, besteak beste), hezkuntza sektorea, elikadura arloko zerbitzuak eta herritarrak. Gainera, Biolur Gipuzkoa eta Tokixan bezalako eragileen babesa ere badu proiektuak.
Gonbidapena herritarrei
“Karanketan: Tokiko ekoizpenetik kontsumora” izenburupean, ekitaldiak Arrasateko elikadura burujabetzan eta tokiko produktuaren sustapenean sakondu nahi duten pertsona eta talde guztiak elkartu nahi ditu. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte ostiraleko saioan parte hartzera, herriko elikadura sistema eraldatzeko bidean ematen ari diren pausoak bertatik bertara ezagutzeko.