Arrasateko erakusleihoak Gabon giroan murgiltzeko, lehiaketa abiatuko da abenduaren 11n
2026/11/26
Gabonak ate joka ditugu, eta herria festa giroan murgiltzen hasteko, Arrasateko Udalak urteroko erakusleiho lehiaketa antolatu du. Ekimenaren bidez, herriko erakusleihoak apaintzeaz gain, Arrasateko kaleetan Gabon giroa piztu, merkataritza eta ostalaritza sustatu eta tokiko kontsumoa bultzatu nahi dira.
Izen-ematea abenduaren 1etik 9ra
Lehiaketa herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 1etik 9ra bitartean eman beharko dute izena, BAZen edo udalaren webgunearen bidez.
Erakusleihoak Gabonetako gaiarekin apainduta egon beharko dira, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra bitartean. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu- edo genero-diskriminaziorik ez egitea eta dendako salgaiak erakusleihoan ikusgai jartzea.
Sari ugari banatuko dira
Lehiaketak hainbat sari izango ditu. Epaimahaiak lau sari nagusi banatuko ditu: lehenengoak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 700 euro, hirugarrenak 600 euro eta laugarrenak 500 euro. Horrez gain, 200 euroko lau aipamen berezi emango dira.
Epaimahaia Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko ordezkariek, apainketan, diseinuan edo eskaparatismoan aditua den pertsona batek eta merkatarien elkarteko ordezkariek osatuko dute.
Saridunak aukeratzeko, besteak beste, Gabonetako giroa islatzeko gaitasuna, irudimena, originaltasuna, erakusleihoaren lanketa eta estilismoa hartuko dira kontuan.
Herritarren saria eta haurren eta gazteen saria
Herritarrek ere izango dute erakusleiho gustukoena aukeratzeko aukera, abenduaren 11tik 17ra bitartean egingo den online bozketaren bidez.
Herritarren sariak 500 euroko saria jasoko du erakusleiho irabazlearentzat. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean 120 euroko hamar bono zozkatuko dira, Arrasateko saltokietan gastatzeko.
Bestalde, 16 urtera arteko haur eta gazteek ere izango dute euren erakusleiho gustukoena aukeratzeko aukera. Kasu horretan, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta botoa ematen duten haur eta gazteen artean 50 euroko bost bono zozkatuko dira, Arrasateko saltokietan gastatzeko.
Bi bozketak udalaren webgunearen bidez egingo dira, eta herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.
Establezimendu batek ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Hori dela eta, epaimahaiaren lau sari nagusietako bat jasotzen duten erakusleihoak ez dira herritarren edo haurren eta gazteen sarien bozketan sartuko.
Sari banaketa abenduaren 21ean egingo da.