Arrasateko Haurren Kontseiluak 2022-23 ikasturteari ekin dio

2022/11/18
Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako Umeen Elkarguneko kide diren 19 haur izango dira VII. Haurren Kontseiluaren parte

Arrasateko Haurren Kontseiluak ekin dio 2022-23 ikasturteari. 7. edizioa izango da hasi berri den kurtsoa eta guztira 9 saio burutuko dira datozen hilabeteetan.

Uarkapeko Frontoian gauzatutako lehenengo saioan taldeko kideek elkar ezagutu dute eta kontseiluaren funtzionamendua azaldu diete hezitzaileek. Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako Umeen Elkarguneko kide diren 19 haur izango dira VII. Haurren Kontseiluaren parte. 

Haurren Kontseilua alkatetzaren aholkulari organo izaera duen haur-taldea da. Hiria eta tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko bere ikuspegia eskaintzen dio alkatetzari, honela, pertsona nagusiei herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta haien beharren eta kezketatik abiaten ziren gaiak lantzen eta proposamenak eginez.

Azken urteetan hainbat gai eta proposamen landu dira, besteak beste: haien adin tarterako aisialdirako espazio baten eskaera, herrian kirol instalakuntzak sustatzea, mahai joko bat sortzea (herriko izakien arteko elkarbizitza zaintzeko eta soluzioa behar duten egoerak modu kooperatiboan lantzeko), eta umeentzako bozketa sistema bat sortu dute umeek eta azken urtean parte-hartze aurrekontuetan bozkatzeko aukera izan dute.

Ikasturte honetarako gaiak eta edukiak, ohiko eran, kontseilukideekin erabaki eta landuko dira. Izan ere, kontseiluaren helburua da haurren partaidetza sustatzea herrian, eta beren interesetatik sortzen diren proposamenak garatzea, betiere udalarekin harremanetan eta fokoa herrian jarrita.

Maria Ubarretxena alkateak harrera egin die udaletxean eta eskertu bertan parte hartzeko izan duten prestutasuna: “hilabeteetako lana dugu aurretik, baina ezinbestekoa da haien ahotsa eta nahiak entzutea eta udaletik garatzen diren proiektuetan presente izatea; haurren parte-hartzea oso aberasgarria da guztion beharretara egokitutako Arrasate eraikitzen jarri dezagun”.

Albiste erlazionatuak

Haur Kontseilua