Arrasateko Haurren Kontseiluak 6. edizioari ekin dio

2021/10/22
Card image cap
Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako 20 lagun izango dira taldean

Arrasateko Udalak Haurren Kontseiluaren seigarren edizioari ekin dio. Orain direla 5 urte hasitako ibilbide honetan, neska-mutil askok parte hartu dute Kontseiluan, eta aurten, berriz ere, Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako 20 lagun izango dira taldean.

Azken urteetan hainbat gai eta proposamen landu dira, besteak beste: ur parkea, parkour parkea eraikitzeko proposamena, mahai joko bat sortzea (herriko izakien arteko elkarbizitza zaintzeko eta soluzioa behar duten egoerak modu kooperatiboan lantzeko), eta umeentzako bozketa sistema bat sortu dute umeek. Azken horren ondorioz, umeek partaidetzako aurrekontuetan bozkatu ahal izango dute aurten.

Ikasturte honetarako gaiak eta edukiak, beti bezala, kontseilukideekin erabaki eta landuko dira. Izan ere, kontseiluaren helburua da haurren partaidetza sustatzea herrian, eta beren interesetatik sortzen diren proposamenak garatzea, betiere udalarekin harremanetan eta fokoa herrian jarrita.

Maria Ubarretxena alkateak harrera egin die udaletxean eta eskertu bertan parte hartzeko izan duten prestutasuna: “hilabeteetako lana dugu aurretik, baina ezinbestekoa da haien ahotsa eta nahiak entzutea eta udaletik garatzen diren proiektuetan presente izatea, guztion ezaugarrietara eta beharretara egokitutako Arrasate hobe bat eraikitzen jarraitu dezagun”.

Covid-19ak eragindako egoera pandemikoa hobetzen doan heinean, udalaren eta Haurren Kontseiluaren helburua da komunitateko beste eragileekin harremanak berreskuratzea.