Arrasateko Hezkuntza Kontseiluak “fase berri bati” ekin dio, herriko hezkuntzaren etorkizuna irudikatzeko

2025/09/25
Card image cap
Diagnostikotik ondorioztatutako erronka nagusiak aztertuko dituzte eta bideorria diseinatu.

Arrasateko Hezkuntza Kontseiluak bere ibilbideari ekin dio berriki eta Arrasateko hezkuntzaren etorkizunerako gogoeta sakona abiatu du. Azken urtean egindako diagnostiko zabalak argi utzi du herriak erronka handiak dituela, eta horiei modu partekatuan erantzutea da aurrerantzean egingo den lanaren ardatza.

Hainbat eragiletako ordezkarik osatzen dute Arrasateko Hezkuntza Kontseilua: Leintz eskolako ordezkaria, Txatxilipurdiko ordezkaria, Institutuko guraso batzordeko ordezkariak, Institutuko zuzendaria, Arizmendiko zuzendaria, Arizmendiko guraso batzordeko ordezkariak, Guraso elkarteko ordezkaria, Haur eta Guraso asanbladako ordezkariak, Herri Eskolako zuzendaria, Arrasate Musikaleko ordezkaria, Euskaltegiko transmisio teknikaria, Udaleko Hezkuntza teknikaria, Elhuyarreko bideratzaileak eta Udaleko Hezkuntza eta Ongizate zinegotzia.

IMG_9537.jpg

Herri hezitzailea helburu

Plan estrategikoari helduko dio Hezkuntza Kontseiluak, lehentasunezkotzat hartuta Herri Hezitzaile filosofia. Lan horretan lehen urratsak ematea espero du Hezkuntza Kontseiluak, eta 2015ean bertan behera utzi zen “Arrasatek Hezi” proiektuaren arima berreskuratzen joatea.

Erronkak identifikatu 4 urteko plangintza diseinatzeko

Arrasateko Hezkuntza Diagnosia aurkeztu zuen Udalak, ikastetxeetako zuzendariekin batera, martxoan, eta bertan, hiru arlo nagusi jarri zituzten erdigunean lanketa abiatzeko: euskara, inklusioa eta bizikidetza eta herri kohesioa.

Prozesu honen hurrengo urratsak erronka bakoitzari erantzuteko ekintza zehatzak irudikatzea izango dira. Horretarako, hezkuntza eragileek lau ardatz nagusitan hausnartu dute: helmuga (lau urte barru non egon nahi den), urratsak (zein pauso behar diren), arduradunak (nor izango den pauso horien gidari) eta baliabideak (zer behar den).

IMG_9562.jpg

Etorkizuneko hezkuntza komunitario, inklusibo eta berritzailea eraikitzen

Arrasateko Udalaren eta Hezkuntza Kontseiluaren helburua argia da: etorkizuneko hezkuntza komunitario, inklusibo eta berritzailea eraikitzea, herritar guztien parte-hartzearekin. Horregatik, datozen hilabeteetan ekimen ezberdinak abiaraztea espero dituzte, herritarren parte hartzea bultzatuz.

IMG_9569.jpg

IMG_9591.jpg

IMG_9584.jpg

IMG_9565.jpg

IMG_9620.jpg

IMG_9612.jpg