Arrasateko II. Bizikidetza eta Aniztasun Planak jasotzen dituen 16 lan lerroetatik jada 10 lan lerrotan ekintza konkretuak garatu dira

2025/05/21
Card image cap
Planaren garapenak nabarmen egin du aurrera lehen urtean: 10 lan ildotan ekintzak jarri dira martxan, eta gainerakoak lantzen hastea aurreikusi da 2025erako. Gaur, maiatzak 21, Aniztasunaren Nazioarteko Egunean, planaren balantzea egiteko aukera baliatu dute.

Arrasateko II. Bizikidetza eta Aniztasun Plana 2023an abiatu zen, lehen planaren ebaluaziotik eta Aniztasunaren Mahaiaren ekarpenetatik abiatuta. Bigarren plan honek aniztasunaren ikuspegi zabalagoa eta zeharkako lana ditu ardatz, eta 2024 hasieran onartu zuen Udalbatzak. Gaur egindako balantzean, Udal ordezkariek adierazi dute planaren 16 lan ildotik dagoeneko 10ean ekintza zehatzak gauzatu direla. Lehen balantze honen berri eman dute Jasone Giraldok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, eta Xixili Egigurenek, Bizikidetza eta Aniztasun teknikariak.

Urtebeteko lanaren balantzea

Planaren baitan garatutako ekintza nabarmenen artean daude:

  • Aniztasun Mahaia: 18 eragilek osatzen dute egun, aurreko planeko 10en aldean, koordinazio eta lankidetza sendoago baten isla.
  • Adierazpen instituzionalak eta elkartasun-deiak: Arrasateko Udalak Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bat egiten du 2021etik, eta Aniztasunaren Eguna ospatzeko elkarretaratzea deitu da lehendabizikoz gaur.
  • Harrera eta informazio zerbitzuak: Arreta-zerbitzua hobetzeko 9 ordutara zabaldutako arreta egonkortu da, eta zerbitzua behar bezala emateko bitartekoak hobetu dira. Horrez gain, espazio egokia bermatzea datozen hilabeteetarako erronka gisa identifikatu da.
  • Hezkuntza eta euskara: DBHn Bizikidetza tailerrak mantendu dira, eta LHn garatzeko aukerak aztertzen ari dira. "Euskaraz Jolasean" eta “Ereitten” programak jarri dira abian.
  • Komunitate-eskola errefortzua: HUHEZIrekin elkarlanean, haur eta gazteen aukera berdintasuna sustatzeko proiektua idazketa prozesuan dago.
  • Komunikazio inklusiboa: "Komunikazioa Denontzat" proiektuaren bidez, informazioa herritar guztiengana iristeko baliabideak eskaintzen hasi dira.
  • Errolda sozialaren inguruko protokoloa: EUDELekin lankidetzan protokolo bateratua garatzen ari dira, herritarren eskubideen berme gisa.
  • Formakuntza eta sentsibilizazioa: Irailetik aurrera formakuntza-eskaintza bat abiaraziko da barne-mailan zein kanpoko eragileentzat.

Aurrera begira, zeharlerroa erronka

Planaren ikuspegi zeharkakoak Udaleko sail guztien inplikazioa bilatzen du, eta horretarako, parte-hartze eta ekarpenak jasotzeko plangintza espezifikoa ere prestatzen ari dira. 2025. urteari begira, oraindik jorratu gabe dauden lan-ildoetan (enplegua, etxebizitza, genero aniztasuna eta hirugarren adina) sakontzen hastea izango da lehentasuna. “Norabide onean goaz, baina lan handia dugu aurretik. Planak urtebete bakarrik bete du eta martxa ona hartu du. Datozen bi urteetan erritmoa mantendu eta proiektuak gauzatzea lortu behar dugu” azaldu du Jasone Giraldok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak.

Planaren publiko egitea berariaz azpimarratu du baita ere Udalak: "Hau ez da dokumentu bat soilik; Arrasateko gizarte inklusiboago baterako bide-orri bizia da, eta herritar guztien inplikazioa behar du", adierazi du Xixili Egigurenek.

Amaitzeko, Udalak azpimarratu du plana herritarren eskura dagoela udal webgunean, eta interesa duen edozein herritar gonbidatu du informazioa kontsultatzera eta parte hartzera.