Arrasateko ikastetxeek Eskola Agenda 2030arekin jarraituko dute 2026/2027 ikasturtean

2026/10/07
Iraunkortasunaren aldeko lana indartzen jarraituko dute ikastetxeek eta Udaleko Ingurumen Eskolak, Arrasateko udalerriarekin lotutako erronkei begira.
Arrasateko ikastetxeek Eskola Agenda 2030arekin jarraituko dute 2026/2027 ikasturtean

Ikasturte berria hasi da, eta Arrasateko ikastetxeek Eskola Agenda 2030 proiektuarekin jarraitzea erabaki dute, azken urteetan egindako lanari eta lortutako ibilbideari jarraipena emateko.

Aurten, gainera, proiektuak aldaketa bat izango du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du Eskola Agenda 2030 aurreko ikasturteetan bezala koordinatuko, eta aurrerantzean udalerriek izango dute proiektua beren hezkuntza-komunitatearekin batera garatzeko ardura.

Arrasaten, ikastetxeek eta Udalako Ingurumen Eskolak (Arrasateko Udala) elkarlanean jarraituko dute. Izan ere, proiektuak ibilbide luzea du herrian: 2003-2004 ikasturtean hasi zen, Eskolako Agenda 21 izenarekin. Ordutik, jasangarritasunaren inguruko ezagutza, kontzientziazioa eta parte-hartzea lantzeko aukera eskaini die ikasleei eta hezkuntza-komunitateari. Urteen poderioz, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) bihurtu dira proiektuaren ardatzetako bat.

Aurten, Arrasateko erronkei begira

2026/2027 ikasturtean, proiektua Arrasaten gaur egun garatzen ari diren prozesu eta ekimenekin lotuko da. Bereziki, Azpiegitura Berdea, Klima eta Energia arloekin lotutako erronkak izango dira abiapuntu.

Horretarako, lau Garapen Iraunkorreko Helburu landuko dira:

  • 13. GIH – Klimaren aldeko ekintza, aurtengo gai nagusi gisa.
  • 11. GIH – Hiri eta komunitate jasangarriak.
  • 7. GIH – Energia irisgarria eta ez-kutsatzailea.
  • 15. GIH – Lehorreko ekosistemetako bizitza.

Helburua argia da: ikasgelatik harago joatea eta ikastetxeen, ikasleen eta udalerriaren arteko harremana sendotzea, Arrasateko ingurumen-erronkei buruz ikasi eta hausnartzeaz gain, herrian bertan eragiteko aukerak ere aztertuz.

Ikasgelatik kalera eta kaletik Ingurumen Eskolara

Proiektua aurrera eramateko, ikasleek hainbat jarduera egingo dituzte urtean zehar. Alde batetik, egonaldiak izango dituzte Udalako Ingurumen Eskolan; bestetik, saioak eta ibilaldiak egingo dituzte ikastetxeetan eta Arrasateko kale eta txokoetan.

Horrela, beste urte batez, ikasleak izango dira proiektuaren protagonista, eta Arrasate jasangarriago baten aldeko lana ikastetxeetatik eta herritik bertatik bultzatzen jarraituko dute.