Arrasateko iturriko ura edangarria da: Osasun Sailak iturriko ura edangarria dela berretsi du eta Arrasateko Udalak bertan behera utzi ditu ur-kontsumorako murrizketak

2026/09/28
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oniritzia eman dio Udalak eta Gipuzkoako Urak erakundeak aurkeztutako azken analitiken emaitzei. Hemendik aurrera iturriko ura erabat segurua da edateko eta etxeko ohiko erabileretarako. Udalak eskerrak eman dizkie herritar guztiei erakutsitako pazientzia, ulermena eta elkartasunagatik egoera konplikatu honetan.
Arrasateko iturriko ura edangarria da: Osasun Sailak iturriko ura edangarria dela berretsi du eta Arrasateko Udalak bertan behera utzi ditu ur-kontsumorako murrizketak
Argazkia: Pexels Boom Photography

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak behin betiko oniritzia eman dio Arrasateko ur hornidura sistemari, Udalak eta Gipuzkoako Urak erakundeak egindako analitiken emaitzak egokiak direla egiaztatu ondoren. Epe arautuan egindako azken azterketa mikrobiologiko zein kimikoek ziurtatu dute ura edangarria dela eta kalitate estandar guztiak betetzen dituela. Ondorioz, iturriko ura ez edateko azken egunetako gomendioa eta ezarritako behin-behineko neurri guztiak bertan behera geratu dira.

Esker mezua Arrasateko herritarrei

Arrasateko Udalak bihotzez eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei azken egun hauetako egoera konplikatuan erakutsitako jarrera eredugarriagatik. Izandako ur murrizketen aurrean herritarrek adierazitako pazientzia eta ulermena funtsezkoak izan dira behin behineko zerbitzua modurik ordenatuenean kudeatzeko.

Bestetik, udal langileen jarrera eskuzabala ere aitortu eta eskertu nahi ditu Udalak, lan orduz kanpoko ardura eta lanaldietarako prestutasuna agertzeagatik. Baita Bergarako Udalari, beraien ur horniduratik ur zisternak betetzeko laguntza emateagatik.

Ostegun gabean hasitako arazoei amaiera

Modu honetan, ostegun gabean hasi ziren arazoei amaiera emango die Arrasatek. Izan ere,  ezohiko intzidentzia hau Gipuzkoako Urak-ek egindako obra batzuen ondorioz eta Zubillaga auzoko ur horniduran izandako matxuraren ostean gertatu ziren, lokatzez zikindutako urak Zalduspeko deposituetan eta udalerriko ur-sisteman sartzean.