Arrasateko kirolaren etorkizuna herriarekin erabakitzen

2021/05/24
Aurreko legealdian aurreproiektua egin zen eta, Covid-19ak prozesua atzeratu duen arren, udalak aurrera jarraitzen du kiroldegi berriaren proiektuarekin.

Aurreko legealdian Arrasateko Udalak prest utzi zuen Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua. Bigarren fase honetan, Musakolako kiroldegiaz gain asmoa da herritarrekin lantzea herriko azpiegituren mapa, hala nola Iturripeko kiroldegia eta Uarkapeko frontoia.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez “ausardiaz ekingo zaio lanari. Arrasate beti izan da herri ausarta eta oraingoan ere ausardiaz ekingo diogu gure herriak duen behar estrategiko bati: herriko kirol azpiegiturak. Herritarrekin jorratu nahi dugu Arrasateko kirolaren etorkizuna”.

Udal gobernuak nabarmendu du urte anitzeko inbertsio plana dela, “hurrengo udal gobernuak ere konprometituko dituena, eta horrexegatik era partekatuan lantzea, ordezkari politiko, herritarren zein eragileen artean, lehentasun nagusia da udalarentzat. Udala zero zor egoeran dago eta, beraz, ausardiaz ekin behar diogu kirol azpiegituraren mapari. Eta udal gobernuak 10 urteko inbertsio plana du buruan, ondorenean partaidetza prozesuan zehatzen den proiektuaren arabera egokituko dena”.

2. Fasea: kirol instalazioen mapa osatzeko prozesua 2021 ekainetik 2022ko otsailera arte

2. Fasearen helburua izango da Arrasateko kirol azpiegituren mapa partekatua sortzea herriko kluben ordezkariekin, erabiltzaileekin zein herritarrekin. Sortutako mapa horretan, diagnosi konpartitua sortuko da gaur egungo kirol azpiegituraz eta horien berritzeaz, eta lehentasunez adostuko da zer hurrenkera jarraitu berritze lanak aurrera eramateko. Talde posizioaren eta kontsentsuaren arabera, kirol zerbitzuen planifikazioa eta horien ezaugarriak landu eta adostuko dira, horrela sortuko delarik kirol zerbitzuak berritzearen herri proposamena.

Prozesuak 5 fase izango ditu:

  1. 1. Fasea: prozesuaren diseinua eta egitura sortzea. Bertan 5 lantalde egongo dira: kirol batzordeko ordezkariak, langileak, klubetako ordezkariak eta erabiltzaileak eta herritarrak.
  2. 2. Fasea: diagnosia sortzeko deliberazioa. Interbentzio beharra duten kirol azpiegituren mapa eta diagnosia sortu; lehenetsitako interbentzioen ezaugarriak; diru aukeren eta mugen hausnarketa; interbentzioen hurrenkera.
  3. 3. Fasea: herritarrekin zein Haurren Kontseiluarekin kontrastea. 5 egunean bilera irekiak.
  4. 4. Fasea: kontsentsua eta itxiera. Herritarren ekarpenak eta balorazioak jasotzea eta aukera berriak aztertzea.
  5. 5. Fasea: emaitzen dokumentazioa.

 

Udal ordezkariek adierazi dutenez: herri osasuntsu bat dugu helburu, arrasatearren ongizatearen bermea erdigunean kokatzeko. Horrek bat egiten du gure ildo estrategiko nagusietako batekin: beharrezkoak eta kalitatezkoak diren azpiegiturak eskaintzea herritarrei, kasu honetan kirol esparrukoak. Zaharkituta ditugu oraingoak eta berdimentsionatu egin behar ditugu, txiki geratu dira eta. Adin guztietarako egokitutako kirol instalazio berriak, jasangarriak, irisgarriak… arrasatearren beharretara era errealean eta etorkizuna aintzakotzat hartuz egokitutako azpiegiturekin. Lehen fasea herritarrekin landu genuen 2018an, eta orain, bigarren fasean, mapa bere osotasunean ere arrasatearrekin egingo dugu. Herritarrentzako instalazioak dira, eta garrantzitsua bezain aberasgarria da parte aktibo izatea. Egin genuen, ari gara eta elkarlanean gauzatuko dugu”.

2017an abiapuntua, Musakolako kiroldegiaren 40. urteurrenean

2017an 40 urte bete zituen Musakolako kiroldegiak, eta hain zuzen, orduan ekin zion Arrasateko Udalak herriko kirol instalazioak aztertzeari, muina izanik Musakolako zein Iturripeko kiroldegiak eraberritzea. Batak zein besteak arazo estruktural ugari du eta, urteen poderioz, instalazioak zaharkituta eta txiki geratu dira.

Herriko kirol instalazioen inguruan partaidetza prozesuaren lehen fasea egin zen 2018ko lehen seihilekoan. Udala kirol elkarte guztiekin batu zen haien beharrak aztertzeko, baita herriko kirol azpiegituren erabiltzaile diren herritarrekin ere.

Paraleloki Arrasateko 2019-2029 Kirolaren Plan Estrategikoa egiteari ekin zion, atal bereizi bat izanik Musakola zein Iturripeko kiroldegien eraberritzea. “Herritarrekin eta eragileekin egindako prozesuan, ebatzi zen kiroldegi berri bat beharrezkoa zela, gaur egungoaren aldean, azpiegitura gehiagorekin. Herritarren partetik ere berritzeko beharra azpimarratu zuten: kanpoko eta barruko igerilekuetan espazio falta…” azaldu dute udal ordezkariek.

2018ko bigarren seihilekoan udalak aurreproiektua landu zuen, eta herritarren eskaerak bertan txertatu zituen. Bilera irekiak egin ziren berriro ere emaitza aurkezteko, eta paneletan irudikatu zen Musakolako kiroldegi berria, beste hainbaten artean.

2019an proiektua garatzeko pausuak eman ziren: kudeaketa, inbertsio maila… Orain, bigarren faseari ekingo zaio, informazio guztia aintzakotzat hartzeko.