Arrasateko musika eszena balioan jartzeko kanta bildumen proiektua aurkeztu dute Udalak eta Hamarratzek: ‘Oihu bat, mila ahots’

2026/02/20
Card image cap
25 talde edo bakarlarik parte hartu ahal izango dute, eta izen emateak Hamarratz Musika Gunean egin beharko dira 2026ko otsailaren 23tik apirilaren 1era.

Arrasateko Udalak, Hamarratz Musika Gunearekin elkarlanean, herriko musika eszena indartu eta ezagutarazteko helburuz, bertako taldeekin elkarlanean sortutako kanta bilduma proiektu berria aurkeztu du. Ekimenaren bidez, Arrasateko hainbat musika taldek kanta bana grabatzeko aukera izango dute, udalaren babesarekin eta Hamarratz estudioan kalitatezko grabazio profesionala eginez.

Proiektuaren helburua da herriko sorkuntza musikalari aitortza egitea, tokiko talentua ikusgarri bihurtzea eta Arrasateko musikariei zabalkunde eta proiekzio berriak eskaintzea.

25 taldek edo bakarlarik parte hartzeko proiektua

Parte-hartzea irekia izango da, eta gehienez 25 musika talde edo bakarlarik parte hartu ahal izango dute. Izena emateko gutxieneko baldintza izango da gutxienez taldekideen %33 arrasatearrak izatea. 

Izen emateei dagokionez, gutxienez 10 talde/bakarlarik izena eman beharko dute proiektua aurrera eraman ahal izateko. Aldiz, 25 talde eta bakarlari baino gehiagok izena emango balute, ondorengo irizpideak aplikatuko lirateke aukeraketa egiteko:

  • Taldekideen gehiengoa arrasatearra izatea
  • Kantak euskaraz izatea
  • Emakume eta disidenteen presentzia
  • Kanta berria izatea
  • Talde edo bakarlariak inoiz ezer argitaratu ez izana

Izen-ematea Hamarratzen bertan egingo da izen emate orria beteta, 2026ko otsailaren 23tik apirilaren 1era bitartean.

Herriko musika taldeak balioan jartzeko proiektua

Andoni Arratibel kultur zinegotziak azpimarratu duenez, “Arrasatek lotura estua izan du musikarekin, eta gaur egun ere musikari gazte zein heldu ekintzaile ugari ari dira herrian sormen lan oparoa egiten. Proiektu hau herriko musika taldeek egiten duten lana balioan jartzeko eta merezi duten errekonozimendua eskaintzeko sortu da. Aldi berean, tokiko taldeei zabalkundean eta ezagutzan lagundu nahi diegu, eta kalitatezko grabazio profesionala eskaini, Hamarratzek bere estudioan egiten duen lanari esker”.

Udalak dei egiten die herriko musika talde eta bakarlariei ekimenean parte hartzera, Arrasateko musika aniztasuna eta indarra kanta bilduma honetan islatu daitezen.

Oihu bat kartela.jpeg