Arrasateko Sexologia Zerbitzuko espazioa eraldatu dute Institutuko ikasleek sortutako muralarekin.
2026/11/23
Arrasateko Sexologia Zerbitzuak mural berria du, zerbitzuari ikusgarritasuna emateko eta bertako espazioa atseginagoa eta aniztasuna islatzen duen gune bihurtzeko helburuarekin. Proiektua Sexologia Zerbitzuko teknikarien eta Institutuko Batxilergo Artistikoko ikasle eta irakasleen arteko elkarlanaren emaitza da.
Sormen-prozesu partekatua
Prozesua urtarrilaren 19an hasi zen, sexualitatearen kontzeptuaren inguruko hausnarketa partekatzeko lehen topaketa batekin. Ikasleek zerbitzuan lantzen diren gaiak ezagutu zituzten, baita espazio goxo, seguru eta aniztasuna onartzen duen bat eraikitzeko helburua ere. Horrez gain, zerbitzuaren irudi berria eta aurreko ikasturtean Miau Estudiorekin egindako sormen-prozesua aurkeztu zizkieten.
Ondorengo hilabeteetan, ikasleek gorputzak, bizipenak, tabuak, gorputzen arteko harremanak eta sexualitatearen inguruko hainbat ikuspegi landu zituzten, prozesu artistiko eta kolektibo baten bidez. Lan horren emaitza lau artelan-proposamen izan ziren, herritarren artean bozketa bidez aukeratzeko aurkeztu zirenak.
Lau proposamen eta herritarren hautaketa
Hautatutako diseinua ekainean margotu zuten ikasleek Sexologia Zerbitzuko horma handienean. Gainerako hiru proposamenak ere zerbitzuan daude ikusgai, koadro formatuan inprimatuta, ikasleen sormen-lan osoa aitortzeko.
Proiektuan parte hartu duten ikasleei egindako lana eta inplikazioa eskertzeko, Sexologia Zerbitzuak bono bana oparitu die. Horrela, elkarlanean egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan dute.
Ikasleen lanari egindako eskertza
Ekimenak elkarlana, sormena eta herritarren parte-hartzea uztartu ditu, eta iaz Sexologia Zerbitzuaren irudia berritzeko hasitako bideari jarraipena eman dio. Oraingoan, zerbitzuaren espazio fisikoa izan da ardatza, herritarrentzat hurbilagoa eta atseginagoa den gune bat eraikitzeko.