Arrasateko Udal Bibliotekak 60 urteko ibilbidea ospatuko du ekainaren 12an jai berezi batekin
2026/06/03
Arrasateko Udal Liburutegiak urteurren borobila betetzen du aurten: 60 urte herriko kulturaren eta ezagutzaren topagune gisa. Sei hamarkada hauetan, liburutegiak ezin konta ahala istorio idatzi ditu eta herriko paisaia zein bizitza eraldatzen ikusi du, betiere irakurzaletasuna eta pasioa ardatz hartuta.
Lau egoitza, bihotz bera
Bere ibilbidean zehar, liburutegiak lau egoitza desberdin izan ditu, herriaren beharretara egokitzen joan direnak: Garibai etxean eman zituen lehen urratsak; ondoren, Monterron jauregiaren handitasunera igaro zen; eta gaur egun, Santa Marina auzoko liburutegiak eta Kulturatek osatzen dute zerbitzua. Hasierako lokal ilun eta egurrezko apalategi haietatik, gaur egungo espazio argitsu, irisgarri eta modernoetara igaro da.
Eraikinak eta teknologiak aldatu diren arren, liburutegiaren helburuak bere horretan jarraitzen du: ezberdinen arteko topaketarako eta kulturaren babesleku izatea. Liburutegiko arduradunen esanetan, “benetako oinarriak ez dira harrizko hormak, txoko bakoitza bizitzaz betetzen duten pertsonak baizik”.
Ospakizun jaia: Ekainak 12
Urteurren hau modu berezian ospatzeko, liburutegiak jai bat antolatu du datorren ekainaren 12an, ostirala, arratsaldeko 18:00etan, Kulturaten. Eguraldia lagun badugu, ekitaldia kanpoaldean egingo da eta honako egitaraua izango du:
- Beatriz Egizabalek gidatuko du saioa aurkezle lanetan.
- Herriko gonbidatuen eskutik irakurraldi berezia egingo da.
- DEL VAL taldearen musika emanaldi akustikoa.
- Guztion artean banatzeko urtebetetze tarta.
60 urteko ibilbide hau ez da bakarrik idazten; egunez egun arrasatear guztien artean eraikitako bidea da. Hori dela eta, Udal Bibliotekak herritar guztiak gonbidatzen dituzte jai xume honetan parte hartzera eta elkarrekin ospatzera.