Arrasateko Udal Euskaltegiaren egoitza berria (Kulturolan) estreinatzeko ekitaldia irailaren 28an

2022/09/28
Ekitaldia 18:00ean hasiko da, Kulturolan. Herriko txalapartari eta trikitilariek alaituko dute ekitaldia, eta aukera egongo da Kaitin Allenderen bakarrizketaz gozatzeko, beste hainbaten artean.

Arrasateko Udal Euskaltegiak espazio berria estreinatu du Kulturolan bere 40. urteurrenean. Espazio berria herritarrei erakusteko asmoz, inaugurazio ekitaldi txiki bat antolatu du irailaren 28rako. Ekitaldia Arratsaldean 18:00ean hasiko da Kulturolan, eta bertara joateko gonbita egin die arrasatearrei. Herriko txalapartari eta trikitilariek alaituko dute ekitaldia, eta aukera egongo ga Kaitin Allenderen bakarrizketaz gozatzeko, beste hainbaten artean.

40 urteotan milaka eta milaka ikasle pasatu dira Udal Euskaltegitik. Iaz, 2021ean, 323 ikasle izan zituen: 303 aurrez aurreko ikastaroetan eta 20 autoikaskuntza modalitatean.

11 ikasgela

Udal Euskaltegi berria Kulturolako lehen solairuan dago. Hainbat areto eta espazio hartzen ditu bere baitan: 11 ikasgela, irakasle gela 1, liburutegia ordenagailuarekin, aretoa  eta sukaldea ikasleekin ekintzak egiteko, eta 6 tutoretza gela.

Herritarren beharrei egokitutako eskaintza

Euskaltegiko ikasturte berria abian da eta izen emateak zabalik daude. Ohiko ikastaroez gain, herritarren behar zehatzetara moldatutako ikastaroak ere antolatzen dira:  online ikastaroak, enpresentzako eskolak, gurasoentzat, merkatarientzat, haur eta nerabe etorkinentzako errefortzuak…..

Izena emateko epea zabalik dago, hauetako edozein bide erabilita:

  • Euskaltegian bertan: 10:00-13:00 eta 15:00-19:00
  • Telefonoa: 943 79 70 77
  • Whatsappa: 688 78 09 31

Euskaltegitik nabarmendu da “erritmoa, maila eta ordutegia herritarren beharretara moldatzen dugu. Herritarrei kontsulta egiten diegu, eta gonbidatzen ditugu euskararen ikaskuntzan murgiltzera".