Arrasateko Udal Gobernuak bart jazotako kutxazain erreketa gaitzetsi eta “iraganeko moldeak atzean utzi eta elkarbizitzaren aldeko” deia burutu du

2020/02/03
Segurtasun zerbitzuetatik jakinarazi dutenez suzko gailu tenporizatu baten bitartez burutu da kutxazainaren aurkako erasoa

Arrasateko Udal Gobernuak bart gauean, 23:30en bueltan, jazo zen BBVA banketxearen kutxazain baten erreketa gaitzetsi du. Segurtasun zerbitzuetatik jakinarazi dutenez suzko gailu tenporizatu baten bitartez burutu da erasoa. 

Udal Gobernuak kale-borroka eraso hau "onartezina" dela esan du eta gaitzetsi du ekintza horrek sortu duen "egonezina". "Indarkeria erabiltzen dutenek guztion bizikidetzaren aurka egiten dute eta indarkeria horren protagonista direnek gure gaitzespena besterik ez dute merezi" azpimarratu du. 

Udal Gobernuak eskertu du suhiltzaile eta larrialdi zerbitzuen lan azkarra: “suhiltzaileak oso azkar etorri ziren, abisua berehalakoa izan zelako, baina gaia oso larria izan zitekeen, sua eraikinera pasa zitekeelako, kutxazaina paperezko dokumentu gordailuaren eta eraikinaren egurrezko eskaileren alboan dagoelako”.

“XXI. Mendean honelako ekintzek ez dute lekurik gure gizartean. Aurrera begiratu behar dugu etorkizuneko Arrasate eraikitzeko, eta atzean utzi iraganeko moldeak, hainbeste sufrimendu eragin duten eredu zaharkituak. Elkarbizitza, elkarlana eta hitza dira bideak, ez hauek eta espero dugu atzo jazotakoa ekintza banakoa izatea” nabarmendu du Arrasateko Udal Gobernuak.