Arrasateko udala enplegua bultzatuz

2019/10/10
Udalak herriko 26 langabe kontratuko ditu Lanbideren babesarekin; horietatik 5 kontratu, langabezian dauden gazteei zuzendurikoak dira

Gaur egun garapen ekonomikoak gizarte ongizatea bermatzen duela jakinik, gobernu taldeak enplegua sortzeko hartutako konpromisoa berretsi eta oraingoan, Lanbideren babesarekin, 26 lagun kontratatzeko programa jarri du martxan. Horietatik 5 kontratu gazte langabeei zuzendutakoak dira, Lanbidek Europako Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaz baliatuta, «Zure etorkizunean inbertitzen du Europako Gizarte Funtsak» lemapean irekitako laguntzarekin.

Esan bezala, Lanbideren hiru deialdi desberdinen finantzazioa eskuratu du Udalaren 2019ko Enplegu Sustapen Planak: 

  1. Enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko diru-laguntzak
  2. Enplegua batez ere eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko laguntzak
  3. Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, toki-erakundeek, gazteak kontratatzeko diru laguntzak 2019 urterako.

Horiek horrela, Udalaren eta Lanbideren arteko elkarlanari esker, Udalak guztira 26 lanpostu berri eskainiko ditu esparru eta espezialitate ezberdineko postuekin. Lanpostu horien kostea 452.677,96€koa izango da: horietatik 327.997,32€ Lanbidek finantzatuko ditu eta gainerako 124.680,64€ Udalak.

Esparru eta espezialitate ezberdineko lanpostuak aukeran

Lan eskaintza zabal eta anitza dago aukeran: administrari laguntzaileak, delineanteak, pertsonaleko administraria, turismo teknikaria, lorezaina, igeltseroa, peoia, pintorea, baso-erreka langilea, garabi zerbitzuko laguntzailea… Profil horiekin 21 lanpostu eskainiko dira. Lanen iraupena 4 eta 6 hilabete bitartekoa izango da eta ia guztiak lanaldi osorako kontratuak izango dira. Aipatu guztiak, halaber, kontratuak abenduaren 31a baino lehen hastea aurreikusten dela.

Gazteentzako lan aukerak bultzatuz

Eskaintzen diren 26 lanpostuen artean, 5 gazte langaberi zuzendurikoak dira eta horiek bideratzeko, Lanbideren Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren “EGFk zure etorkizunean inbertitzen du” babesa jaso du Arrasateko Udalak. Hauen artean, kultur sailerako dokumentalista, euskaltegirako teknikari laguntzailea, pertsonal sailerako administraria eta OZMA sailerako igeltsero eta peoi postuak eskainiko dira. Lanpostu guztiek 8 hilabeteko iraupena izango dute euskaltegikoak izan ezik, hori urtebetekoa izango da, eta. Lanaldiak aldiz, egun osokoak izango dira eta kontratu guztiak azaroaren 30a baino lehen hastea dago aurreikusita.

Herriko ekonomia suspertu eta enplegua sustatzea helburu

Horrelako ekimenen bitartez, Udalak helburu du legealdi osoan zehar jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen jarraitzea, Arrasateko langabeei orotara,  eta bereziki gazteei,  lan aukerak eskaini ahal izateko.

Ildo horretan, herriko ekonomia eta enplegua indarberritzeko ekimen gehiago  sustatuko dituela adierazi du udal gobernuak. “Egungo gizartean, herritar orori eragiten dion gaia da hau eta gure lan ardatza arrasatearrak izanik, guztien ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko urratsak ematen jarraituko dugu” amaitu du udal gobernuak. 

Argazkia: Gontzal Landa