Arrasateko Udala moxal edo txikoen hazkuntza sustatzen

2014/09/09
Card image cap
Lehen sektoreari bultzada berezi bat emateko egitasmoaren barruan, Arrasateko Udala moxal edo txikoen hazkuntza eta moxal okelaren kontsumoa sustatzen dabil.

Arrasateko Udalak egin ditu jadanik zenbait lan horretarako, eta orain herritarrak animatu nahi ditu osasuntsua, prezio onekoa eta hemengoa den moxalen okela probatzera. Irailaren 20an baserritarren azokan moxal okela dastatzeko 700-800 pintxo prestatuko ditugu, besteak beste.

Duela 30 urtera arte Arrasaten eta inguruan ehunka moxal edo txiko hazten ziren. Batez ere Anboto-Tellamendi eta Udalatx tarte horretan behor talde ugari izaten zen.  Arrasaten bertan bazen moxal okela saltzen zuen harategi bat, oso ezaguna, Iturriotz kalekoa. Horrek guztiak esan gura du garai batean hemen moxal ugari zegoela, eta Arrasaten bazela moxal okela jateko ohitura.

Gaur egun, aldiz,  hazkuntzak zein kontsumoak behera egin dute berauek berreskuratzeko lanean dihardu Udalak. 

Zergatik  jaitsi da moxalen hazkundea?

Hazkuntza gutxitu izana azaltzen duten hiru arrazoi identifikatu genituen:  

  • Moxala libre eta era estentsiboan hazten da, baina honek abereak Arrasate eta Udala arteko errepidera joatea eragiten zuen, trafiko arazo posibleak sortuz.
  • Bestalde, uda partean, ur falta izaten da gurean eta horregatik behorrak ur bila hara eta hona mugitu behar izaten dira, baserritarren kontroletik mugituz.
  • Hirugarren arrazoia da moxal okela ezezaguna dela hemen, herritarrek ez dute moxal haragia ezagutzen.

Hiru oztopo hauei erantzuteko,  Udalak zenbait neurri hartu ditu: Moxalak Udala aldera hurbildu ez daitezen,parrilla edo pausu kanadarra jarri du Udala inguruan, Altzaun parajean. Bestetik, abereak Garagartza aldera ez joateko, mendiko hainbat pistatan erromarak jarri dira dagoeneko, eta kilometro bateko itxitura ezarri da. Ur faltaren arazoa konpontzeko, berriz, ur aska batzuk jarriko ditu Udalak Txukurrillon, udazken honetan. 

Moxal okelaren kualitateak

Azken urteetan, asko galdu da moxal haragia jateko tradizioa eta Udalak sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du moxal okelaren kualitateak ezagutarazteko: Pello Garai, Arrasateko Udaleko landa garapenerako teknikariak azpimarratu du animaliak era estentsiboan hazten direla, “hazkuntza naturala daukate”  eta okela “oso osasuntsua da”. Besteak beste, gantz gutxi, kalitatezko proteinak eta burdin asko ditu, eta omega 3 gantz azidoan aberatsa eta digeritzeko erraza da. Horregatik, “haur, heldu eta kirolarientzat  oso gomendagarria da moxal okela” . Gainera, prezio onean saltzen da gaur egun. 

Irailaren 20an probatzeko aukera

Sentsibilizazio kanpainaren barruan, irailaren 20ko baserritarren azoka izango da lehen hitzordu garrantzitsua. Egun horretako berezitasunen artean, eguerdian:

  • Arrasateko baserri bateko moxal bat burduntzian erreko dute eta 700 edo 800 pintxo prestatuko dira, bertara gerturatzen direnek dastatu dezaten.
  • Honez gain, animaliak gertutik ezagutzeko, sei moxal, lauzpabost behor eta zaldi bat eramango dira Seber Altubera.
  • Hilero eguneko bezeroen artean egiten den zozketan, bi moxal okel lote zozkatuko dira.

Jardunaldi Gastronomikoetako protagonista 

Moxal okela izango da udazken honetako Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoetako protagonista. Horrek esan gura du sasoi horretan gure eskualde zenbait jatetxetan aukera paregabea izango dela moxal okela probatzeko: profesionalen sukaldeetan, hainbat eratara goxo-goxo prestatutako aukerak. Aurrerago emango dugu Jardunaldi hauen berri.