Arrasateko Udalak 195.600 euro bideratu du zuzeneko dirulaguntzetan herriko 91 ostalaritza establezimendurentzat

2021/02/05
1.000 eta 1.400 euro arteko laguntzak izan dira hilabete bakoitzeko, langile kopuruaren arabera: 0-3 langile arteko 64 establezimendu lagundu ditu 128.000 euroz (1.000 € bakoitzari hilabeteko), 4-6 langileko 20 saltoki 48.000 euroz (1.200 € bakoitzari hilabeteko), eta 7 langile edo gehiagoko 7 saltoki 19.600 euroz (1.400/hilabeteko).

Arrasateko 91 ostalaritza establezimenduk jaso dituzte udalaren zuzeneko dirulaguntzak, itxita egon diren hilabete bakoitzeko 1.400 euro artekoak. Udalak guztira 195.600 € bideratu du. Laguntza hilabete bitan eman da, itxita egondako hilabete biei dagokiena (2020ko azaroa eta abendua).

Udalak azaroan jarri zituen abian zuzeneko dirulaguntza horiek, Arrasateko Covid-19aren kutsatze datuen ondorioz, ostalaritzako establezimenduen itxialdiaren eragina arintzeko. Laguntzak izan dira 1.000 eta 1.400 euro artekoak hilabete bakoitzeko, langile kopuruaren arabera:

  • 1.000 euroko zuzeneko dirulaguntza 0-3 langile arteko ostalaritza saltokientzat, itxita egondako hilabete bakoitzeko. 64 establezimenduk izan dute laguntza hori, guztira 128.000 euro.
  • 1.200 euroko zuzeneko dirulaguntza 4-6 langile arteko ostalaritza saltokientzat, itxita egondako hilabete bakoitzeko. 20 eskaera egon dira, eta guztira 48.000 euroko laguntza bideratu da.
  • 1.400 euroko zuzeneko dirulaguntza 7 langile edo gehiagoko ostalaritza saltokientzat, itxita egondako hilabete bakoitzeko. Onuradunak izan dira 7 saltoki, 19.600 eurorekin.

Zuzeneko dirulaguntzez gain, udalak laguntzak eskaini ditu  Covid-19aren pandemiak sektorean eragindakoa arintzeko: laguntzak eman ditu beharrezko diren inbertsioak egiteko, eginak ostalaritza eta bestelako jarduerek 2020an kalean jarritako terrazetan zerbitzua emateko; 2021ean bigarren deialdi bat egingo da. Era berean, 2021ean jarraipena izango dute ere ur eta zabor tasaren gainean 2020an ezarritako hobariek, bai eta terrazen kuotaren hobariak ere, eta terrazen azalera handitzeak.

Udalak nabarmendu du “kontziente dela ostalaritzaren sektorea bizitzen ari den egoeraz. Badakigu taberna eta jatetxeen itxialdiak kalte handiak eragin dituela; dirulaguntza hauen helburua da, beste erakunde batzuen laguntzekin osagarriak baitira, eragin hori arintzea”.