Arrasateko Udalak 2026ko udaberri eta udarako turismo eskaintza zabala aurkeztu du, natura eta ondarea ardatz hartuta
2026/03/25
Arrasateko Udalak apiriletik irailera bitartean garatuko den turismo programa berria ezagutzera eman du. “Arrasate: Gertuko turismoa” lelopean, herritarrek zein bisitariek herriko natura-inguruneaz, ondare historikoaz eta kultur eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute Aste Santuko oporretatik hasi eta uda amaierara arte. Ikusi hemen turismo eskaintza.
Natura eta ibilbide gidatuak
Eskaintzaren bizkarrezurra doako ibilbide gidatuek osatzen dute. Guztira dozena bat irteera antolatu dira, zailtasun maila ezberdinekoak, herriko eta inguruko parajerik esanguratsuenak ezagutzeko.
Egitaraua apirilaren 4an hasiko da Anporretako birarekin (Burdinaren bidea), non meatze-garbitokiak eta gerra zibileko lubakiak bisitatuko diren. Hurrengo hilabeteetan, besteak beste, Kortaburu, Gongetako meatzeak, Besaide, Kurtzetxiki, Tellamendi eta Udalatxeko bira egingo dira. Horrez gain, Arrasate herriari bira emateko bi saio berezi (ekialdea eta mendebaldea) eta Arantzazura zein Gatzagara doazen ibilbide luzeagoak ere programatu dira.
Kultura, jaia eta kirola
Naturaz gain, Arrasatek ekitaldi sorta oparoa eskainiko du datozen hilabeteetan:
- Musika: Maiatzean Udaberriko Musikaldia eta uztailean Arrasate Blues jaialdia ospatuko dira.
- Jaiak: Ekainean San Juan jaiak izango dira herriko hitzordu nagusia.
- Kirola eta aisialdia: Herriko kirol eta kultur taldeek antolatutako Garagardo Azoka, Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa, Mondran Bike eta Enduro Txapelketa bezalako ekitaldiak nabarmentzen dira.
Turismo digitala eta ondarea
Udalak teknologia berrien aldeko apustua indartzen jarraitzen du, bisita birtualen bitartez herriko ondare historiko-kulturala ezagutzeko aukera emanez. Horretarako duela urtebete aurkeztu zuen ‘Arrasate 360º’ ibilbide gidatuen plataforma digitala, Arrasateko ondare historikoa, industrial eta naturala herritarren eskura jarriz.
Izen-emateak eta informazioa
Ibilbide gidatuetan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute izenemateak.arrasate.eus webgunean edo BAZera deituta (943 25 20 00 / 619 48 57 67).