Arrasateko Udalak 2027ko ordenantza fiskalak baliatuko ditu etxebizitza hutsen merkaturatzea bultzatzeko

2026/10/01
Etxebizitza hutsen errekargua % 100era igoko da, etxe horiek alokairu-merkatuan jartzea bultzatzeko. Tasa turistiko berria orokorrean gutxieneko mailan ezarriko da, baina gehienezko karga izango dute etxebizitza turistikoek. Zerga eta tasen eguneraketa pentsioen igoerarekin (KPIa) lerrokatuko da aurrerantzean, estimazioak albo batera utzita. Arrasateko Udalak defendatu du 2027ko ordenantza fiskalak justizia sozialean eta etxebizitza eskubideak ardatz hartzen dituen proposamena dela.
Arrasateko Udalak 2027ko ordenantza fiskalak baliatuko ditu etxebizitza hutsen merkaturatzea bultzatzeko

Arrasateko Udaleko Ogasun Batzordeak behin-behinekoz onartu du 2027ko Ordenantza Fiskalen proposamena. Neurri fiskal berri hauen helburu nagusia da herritarren beharrei erantzuna bermatzea, bereziki etxebizitza eskuratzeko aukerei atea zabalduz eta zerga sistema bidezkoago bat finkatuz.

Etxe hutsei errekargua, etxe hutsak alokairu merkatura atera daitezen 

“Etxe hutsei jarriko zaien errekargu gehigarriaren helburua ez da dirua biltzea, etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura ateratzea baizik”, hala adierazi du Joseba Ezpeleta, Ogasun saileko zinegotziak.

Gaur egun bizi dugun bizitoki-larrialdiari aurre egiteko, Udalak urrats sendoa egingo du: hutsik dauden etxebizitzen gaineko errekargua % 50etik % 100era igoko da. Modu honetan, ohiko bizitokia ez den etxebizitza hutsik mantentzea erabakitzen duten jabeek, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bikoitza ordaindu beharko du. 

Neurri honen helburua ez da Udalaren diru-bilketa handitzea, baizik eta gaur egun hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatuan sartzea. Bizi-larrialdi testuinguru honetan, tresna publiko guztiak erabili behar dira etxebizitza-eskaintza handitzeko. Konponbidea ez da soilik etxe gehiago eraikitzea, merkatuan interbenitzea eta hutsik dauden etxeak merkaturatzea baizik. Etxebizitzak ezin dira inbertsio edo espekulazio ekonomiko gisa ulertu; pertsona orok bizi-proiektu bat garatzeko duen ezinbesteko eskubidea dira.

Bizitegi-merkatuko tentsio eremuen izendapenerako sortutako diagnostikoan, honako datu hauek jasotzen ziren:

●     Erroldarik gabeko etxebizitzak Arrasaten: Udalaren errolda-datuetan oinarritutako irizpidearen arabera, Arrasaten 1.045 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta, hau da, parke osoaren %9,7. Nolanahi ere, txostenak azpimarratzen du horietako askok noizbehinkako erabilera edo erabilera erdi-egonkorra dutela.

●     Alokairu eskatzaileak Etxebiden: 2024ko urriaren 1ean Arrasaten 1.190 etxebizitza eskaera zeuden aktibo.

Ondorioz, estimazioen arabera, hutsik dauden etxebizitza kopurua merkatura aterako balitz, eskatzaile gehiengo handi bati aterabidea emanik. Dena den, txostenean aipatzen den bezala, erroldatutako etxebizitza bat ez du zertan hutsik egon, izan daiteke alokairuzko etxebizitza bat, adibidez. Horregatik, jabego hauek aukera izango dute errekarguaren salbuespena eskatzeko udaletxean. Horretarako, 12 kasu jasotzen ditu Ordenantza Fiskalak, eta guztiak behar bezala justifikatuta egon beharko dira onartuak izateko. 

Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Bizigune programak etxebizitza hutsak alokairu-merkatuan sartzea sustatzen du, jabeentzat berme eta segurtasun handiagoa eskainiz. Programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza kudeatzen du eta jabeari errenta bermatua eta etxebizitzaren mantentzearekin lotutako zenbait berme eskaintzen dizkio; aldi berean, alokairu eskuragarriagoa ahalbidetzen du eta etxebizitza behar duten pertsonei etxebizitza bat eskuratzeko aukera ematen die Alokabideren bitartez.

Tasa turistikoa: tasa minimoa orokorrean, gehienezkoa etxebizitza turistikoei

Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudi berriak hala behartuta, Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga berria ezarriko du. Arrasatek ez du turismo-masifikazio arazorik, eta horregatik, ostatu gehienei (hotelak, pentsioak, nekazaritza-turismoak edo aterpetxeak) ezar daitekeen tasa txikiena edo minimoa aplikatuko zaie. Halere, neurri honek salbuespen nagusi bat du: etxebizitza turistikoak.

Etxebizitza turistikoei (osorik zein logelaka alokatutakoei) nahiz apartamentu turistikoei gehienezko karga tasa ezarriko zaie. Erabaki honen bidez berriro azpimarratzen da etxebizitzak pertsonen bizi-proiekturako eskubidea izan behar duela, eta ez negozio espekulaziorako bidea.

Establezimendu mota

Tasa

5 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak

4,50 €

4 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak

3,50 €

3 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak

1,50 €

2 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak

1,00 €

1 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak

0,75 €

Pentsioak

0,75 €

Apartamentu turistikoak

3,50 €

Nekazaritza-turismoak

0,75 €

Turismoko beste ostatu-establezimendu batzuk

0,50 €

Etxebizitza turistiko osoa alokatzea

6,50 €

Etxebizitza turistikoa logelaka alokatzea

6,50 €

Tasa eta zergen eguneraketa pentsioen igoeraren arabera

Datorren ekitalditik aurrera, Udalak berrikuntza garrantzitsu bat txertatuko du tasa eta zergen eguneraketan. Orain arte, Udalak aurreikuspen edo estimazio bidez zehazten zuen aldaketa. Aurrerantzean, ordea, pentsioei aplikatzen zaien igoera bera (KPIaren/inflazioaren araberakoa) ezarriko zaie zerga eta tasei ere.

Progresibitatearekin jarraitzeko apustua

2026 urte honetan ezarri ziren lehen aldiz progresibitatea zerga eta tributuetan, eta balorazio positiboa egin du gobernuak. Gaur gaurkoz burutu diren eskaeren datu ofizialik ez badaude ere (2026ko ekitaldia indarrean baitago), justizia soziala aplikatu dela defendatu du gobernuak. “Progresibitatea ezinbestekoa da gaur egungo ezberdintasun sozioekonomikoak gutxitzeko. Izan ere, esfortzua ezberdina baita errenta txikia edo handia duten pertsonentzat. Progresibitate honekin elkartasun eta justizia sozialaren irizpideak txertatzen ditugu fiskalizazioan, gehien behar dutenak babestuz”.