Arrasateko Udalak Araba Etorbidea berrurbanizatzeko eta bidegorri berria eraikitzeko obrak hasiko ditu astelehenean

2026/09/04
Card image cap
Maider Morras alkateak eta Kepa Urteaga zinegotziak herri jasangarriago baten aldeko apustua nabarmendu dute, San Andres auzoko Araba etorbidearen berritzea amaituz eta auzoak biziberritzeko plan integralari jarraipena emanez. Proiektuak 542.321,42 euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta bederatzi hilabeteko epean gauzatuko du Construcciones Artzamendi SA enpresak.

Arrasateko Udalak sustatuta, datorren astelehenean, irailak 7, hasiko dira Araba etorbidea (30. zenbakitik Takoloko biribilguneraino) berrurbanizatzeko eta bidegorri berria eraikitzeko obrak. Maider Morras alkateak eta Kepa Urteaga Auzoak eta Obrak, Zerbitzuak eta Mantentze zinegotziak proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaurko agerraldian.

Herri jasangarriagoa eta auzo bizigarriagoak

Maider Morras alkateak nabarmendu duenez, esku-hartze hau funtsezko urratsa da udalerriaren trantsizio ekologiko eta sozialerako: "Gure helburua Arrasate jasangarriago bat eraikitzea da, oinezkoen mugikortasuna eta garraio garbiak lehenetsiko dituena. Lan hauekin, gainera, amaitu gabe zegoen lan bati erantzungo diogu: San Andres auzoan kokatutako Araba etorbidearen berrurbanizazioa osatuko dugu, kale osoari amaiera borobila emanez."

Alkateak azaldu duenez, proiektu hau ez da ekintza isolatu bat, herriko auzo guztiak biziberritzeko eta orekatzeko martxan dagoen plan integralaren parte da: "Udal gobernutik auzoak indartzearen aldeko apustu irmoa egiten ari gara. Azken 3 urteetan Altamirako Jose Luis Iñarra kaleko berrurbanizazioak amaituta daude jada; Santa Teresa auzoko lanak martxan ditugu une honetan; eta Grupo San Juan auzuneko obrak esleipen prozesuan daude, dena ondo bidean urte amaierarako hasi daitezen. Horrez gain, beste hainbat auzotako proiektuak prestatzeko aurre-lanetan ari gara. Azken 3 urteetan jauzi esanguratsua eman dugu auzoen bizi kalitatea hobetzeko".

Esku-hartzearen xehetasun teknikoak

Kepa Urteaga Obra zinegotziak lanen zehaztapen teknikoak xehatu ditu. Proiektuak 300 metro inguruko bidegorri tarte berri bat sortuko du oinezkoentzako plataforman integratuta, ibaitik gertuen dagoen espaloian. "Urbanizazioa berrantolatuko dugu bidegorria segurtasunez integratzeko", azaldu du Urteagak. "Horretarako, galtzadaren zabalera zertxobait murriztuko da, baina zirkulazioaren noranzko bakoitzean bide bat mantenduko da beti".

Egingo diren lan nagusien artean honako hauek jasotzen dira:

  • Aparkalekuak eta zoladura: Gaur egun oinezkoen plataforman dagoen aparkaleku txikia birmoldatu egingo da, bere kota galtzadaren mailara jaitsiz (ibilgailuek errepidetik aparkatu beharko dute). Aglomeratua azalera osoan berrituko da (galtzadan eta aparkalekuan), eta Fagor Elektronika ondoko espaloiaren zoladura ere aldatuko da, bi aldeetako espaloiak estetika berdinarekin bateratzeko.
  • Hiri-zerbitzuen berrikuntza sakona: Lurpeko azpiegiturak berrituko dira, bereziki ur-hornidura, euri-uren saneamendua eta argiteria publikoa. Energia elektrikoaren eta gasaren hornidura-sareetan eragina duten zatiak ere berrituko dira, eta aireko sare elektrikoaren zati bat lurperatuko da.
  • Adjudikazioa eta epeak: Lanen lehen sorta Construcciones Artzamendi SA enpresari adjudikatu zaio 321,42 euroan (BEZa barne), eta obrak bederatzi hilabeteko epea izango du. Obraren zuzendaritzaz eta segurtasun koordinazioaz Hirubide Ingeniaritza eta Aholkularitza SL enpresako teknikariak arduratuko dira. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta dago.

Trafiko desbideratzeak astelehenetik aurrera

Obren hasierak eragin zuzena izango du inguruko zirkulazioan, eta irailaren 7tik aurrera trafiko desbideratze garrantzitsu bat jarriko da indarrean Araba etorbidean. Lanek irauten duten bitartean, etorbideko errei bat itxi egingo da, txandaka eta zatika.

Itxiera honen ondorioz, Aretxabaletatik Arrasaterako noranzkoan datorren trafikoa 17 Emakume eta Azeri kaleetan zehar desbideratuko da. Aurreikuspenen arabera, desbideratze berezi honek bi hilabeteko iraupena izango du. Udalak herritarren ulermena eta laguntza eskatu ditu lan hauen hasierak eragin ditzakeen eragozpenen aurrean, eta eremuan kontu handiz eta arretaz zirkulatzeko deia egin die gidariei.

Araba etorbidea desbideraketa 1.jpg

Irudi informatiboa.png