Arrasateko Udalak arduraz kontsumitu eta bertako saltokietan erosteko deia egin du

2020/03/25
Oinarrizko beharrak asetzeko beharrezko diren produktuak soilik kontsumitzeko eskaera luzatzen du Udalak eta, posible den neurrian, bertako saltokietan erostea.

Koronabirusaren pandemiak egoera berezia ekarri du gurera: herritarrak beren etxeetan konfinatuta daude eta saltoki gehienak itxita, oinarrizko produktuenak eta farmaziak izan ezik. Egoera honetan ere bertako komertzioa babesteko deia egin du Udalak: “Jada egoera ekonomiko zailean dago sektorea saltoki gehienak itxita daudelako, eta egunotan, gainera, herritarrak etxean egotearekin kalera irteteko aukerak mugatuta, online plataformetako erosketak areagotu dira. Ez dezagun ahaztu merkataritzak lanpostu asko sortzen dituela gurean, sektorea ekonomikoki garrantzitsu dela, eta saltokiek gure kaleak biziarazten dituztela. Keinu txikienen eragina handia izan liteke. Babes ditzagun gure saltokiak, bertakoak”.

Ibai-arte Arrasateko Saltokien Elkarteak bat egin du Euskal-Dendak Elkarteak egin duen eskariarekin: “oinarrizkoak ez diren produktuen online salmenta gelditzea”. Udalak, herritarrei, arduraz jokatzea eskatzen die: “online salmenta esku askotatik igarotzen da eta banatzaileak herriko kaleetan barrena mugiarazten dituzte. Oinarrizko beharrak asetzeko beharrezko diren produktuak soilik kontsumitzeko deia luzatzen du Udalak eta, posible den neurrian, bertako saltokietan erostea”.