Arrasateko Udalak argi berdea eman dio Leintzibar eta Foruen plaza lotuko dituen bidegorri berriaren obren hasierari

2022/04/08
Obrak apirilean hasiko dira, eta aurreikusten da lanek 15 aste inguru irautea. Udalaren inbertsioa 316.566,65 euro da, BEZa barne.

Arrasateko Udalak apirilean ekingo dio Leintzibar-Foruen plaza bidegorria eraikitzeko lanari. Horrela, Foruen plazaraino iristen den bidegorria luzatuko da, 160 metro inguruko luzeran, Deba Ibarreko 4. ibilbidea osatzen duten 04 013L eta 04 023L lineak lotzeko.

Eremu hori biziberritzeak proposatzen du bidea gurutzatzea Kurtzetxiki plazako bidegorriarekin lotzen den bidearen hasieran, eta oinezkoei eta txirrindulariei mesede egingo dien bidegurutze gune garai bat sortzea. Horrela, bidegorriak aurrera jarraituko du Dr. Bañez kalera iritsi arte, eta, gero, kale hori igaroko da oinezkoentzako pasabidearen ondotik, Leintzibar kaleraino.

Maria Ubarretxena alkateak zehaztu duenez, “jarduera honen helburua da auzo atseginago bat sortzea, garai berrietara egokitu eta oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabazteko. Ingurua berriro urbanizatzeak herritarren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko du”.

Era berean, Errebuelta kalera eta Garro jeneralera sartzeko, norabide biko jarduketa egin beharko da, Alfonso XVIII kalera sartu eta bertatik irten ahal izateko. Segurtasun handiagoa emango zaio inguruari, eta erosotasun handiagoa Errebuelta kaleko eta Garro Jeneraleko trafikoaren sartu-irtenei.

Azkenik, kontuan hartuko da, halaber, argiztatze egokia egotea segurtasuna emateko. Argi puntu batzuk ezarriko dira, eguzki energia lortuko dutenak eta LED bonbillak erabiliko dituztenak. Horrela, argi kalitate hobea lortuko da, eta kontsumo txikiagoa.

Udalaren inbertsioa 316.566,65 euro da, BEZa barne, eta aurreikusten da obrak amaitzea urteko bigarren seihilekoan. Obrak egingo ditu Construcciones Egurki SL enpresak.

Horrela, udalak jarraitzen du udal bidegorrien sarea osatzen: Arrasate pasealekua 2015ean, Uribarriko atzealdea 2017an, Araba etorbidea 2020an eta Ekobulebarra 2022an.