Arrasateko Udalak armairu adimenduen zerbitzu berria jarri du martxan herriko merkataritza txikia eta azokako ekoizleak bultzatzeko

2026/06/12
Card image cap
Udalak zerbitzu berritzaile hau aurkeztu du, herriko merkatari txikiei eta azokako ekoizleei zuzendua, bezeroei erosketak jasotzeko erraztasunak eman eta tokiko merkataritza sustatzeko asmoz.

Udalak "Normo" armairu elektroniko adimendunaren zerbitzu berria abian jarri duela iragarri du. Ekimen honen helburu nagusia herriko komertzio txikien eta azokako saltzaile zein ekoizleen jarduera indartzea da, bezeroei erosketak jasotzeko modu eroso eta malgua eskainiz.

Jaime Bengoak, Tokiko ekonomia eta Enplegu zinegotziak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Zerbitzu honen bitartez herriko komertzio txikia eta gure ekoizleak babestu eta indartu nahi ditugu. Gure helburua da saltokien irekiera ordutegiak herriko dendetan erosteko muga izan ez daitezen; horrela, bezeroek euren enkarguak nahi duten momentuan jaso ahal izango dituzte, herriko merkataritzaren salmentak handitzen lagunduz".

Tamaina ezberdineko 36 kutxatila

Armairu adimendunak guztira 36 kutxatila ditu, hiru neurri desberdinetakoak:

  • 12 kutxatila S neurrikoak (22 zm)
  • 12 M neurrikoak (33 zm)
  • 12 L neurrikoak (44 zm).

Zerbitzu hau herriko merkatari txikiek eta azokako saltzaile zein ekoizleek soilik erabili ahal izango dute.

QR bidezko erabilera erraza

Sistemaren erabilera oso erraza da, bai dendariarentzat eta baita bezeroarentzat ere. Erosleak dendariari enkargua egin ostean, honek, armairuan utziko du paketea, bezeroaren datuak sartuz (telefonoa edo emaila).

Ondoren, paketea armairuan dagoen unean, bezeroak QR kode bat jasoko du WhatsApp edo posta elektroniko bidez. Kode hori armairuko irakurgailuan eskaneatuta, bere kutxatila zabalduko da. Bezeroak gehienez 72 ordu izango ditu bere enkargua jasotzeko.

Udalak zerbitzu honen aurkezpen saioa egin du gaur merkatari eta ekoizleentzat. Bertan, sistemaren funtzionamendua zehatz-mehatz azaldu da eta, merkatariek, armairu berria frogatzeko aukera izan dute.

Progresiboki erabilera zabaltzen joango da

Gaur aurkeztearekin batera, dendari eta ekoizleak sistema berrian txertatzen joango dira, frogak eginez, eta sortzen diren zalantzak argituz. Horregatik, aurrerantzean, merkatarien eskura jarriko dira bezeroei zerbitzuaren berri emateko informazio-txartelak. Udalak aurreikusten du progresiboki erabilera zabaltzen joatea.

Halaber, Udalak, herriko merkatari eta ekoizleak zerbitzu berri honetan parte hartzera animatu ditu, “dagoeneko merkatari eta ekoizle batzuk animatu dira eta froga fasean daude, baina gure asmo eta nahia da negozio gehiagorengana zabaltzea, denda txiki eta komertzioak bizirik izan daitezen” azaldu dute. Interesa daukaten merkatari eta azokako ekoizleek merkataritza@arrasate.eus helbidera egin dezakete eskaera.