Arrasateko Udalak autozainketa jarduera bat antolatu du etxeko eta zaintzako langileentzat, ZainSare egitasmoaren barruan

2026/10/20
"Etxeko lanean eta zaintzan indarkeria aitortzeko eta gelditzeko gakoak" landuko dira eta urriaren 23an izango da.
Arrasateko Udalak autozainketa jarduera bat antolatu du etxeko eta zaintzako langileentzat, ZainSare egitasmoaren barruan

Arrasateko Udalak, ZainSare egitasmoaren esparruan, "Etxeko lanean eta zaintzan indarkeria aitortzeko eta gelditzeko gakoak" izeneko autozainketa jarduera iragarri du. Saio honen helburua zaintzaren eta etxeko lanen esparruan egon daitezkeen indarkeria egoerak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gakoak eskaintzea da.

Topaketa urriaren 23an egingo da, 16:00etatik 17:30era bitartean, Grupo SSIren egoitzan (Iturriotz kalea 21, Arrasate). Ekimena bereziki etxeko eta zaintzako langileentzat bideratuta dago.

Izen-emateak

●     Jarduera: Etxeko lanean eta zaintzan indarkeria aitortzeko eta gelditzeko gakoak.

●     Eguna: Urriak 23.

●     Ordutegia: 16:00 – 17:30.

●     Lekua: Grupo SSI (Iturriotz kalea 21, Arrasate).

●     Nori zuzendua: Etxeko eta zaintzako langileak.

●     Informazioa eta izen-ematea: Jardueran izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, Judit Garcíarekin jar daiteke harremanetan 747 42 58 56 telefono zenbakira deituz.

Zain Sare proiektuaren oinarrian

Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren laguntzarekin, ZainSare Gunea jarri zuen abian pasa den urtean modu esperimentalean. Udal baliabide berri horrek informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen die etxeko eta zaintzako langileak kontratatzen dituzten edo kontratatu nahi dituzten pertsonei, baita sektorean lan egiten duten edo lan egin nahi duten langileei ere.

Zerbitzuen artean, kontratazioei buruzko aholkularitza, eskura dauden baliabideen inguruko informazioa, eskubide eta betebeharren inguruko orientazioa eta etxeko eta zaintzako langileen eta enplegatzaileen arteko eskaintza-eskariaren arteko lotura daude. Programa honen helburua zaintza-lanak balioan jartzea da, baita zaintzako langileak zaindu eta babesa ematea ere.