Arrasateko Udalak bi fasetan berrituko ditu Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak, eta lanak astelehenean hasiko dituzte
2026/09/24
Arrasateko Udalak Ferixalekuko eta Altamirako igogailu zaharrak kendu eta segurtasun, irisgarritasun nahiz erabilerraztasun handiagoa eskainiko duten erabat berriak diren modelo modernoak instalatuko ditu. Proiektuak 176.000 euroko aurrekontua du (BEZ gabe), eta herritar askori eskaintzen dioten ezinbesteko zerbitzua hobetzea du helburu. Lan hauek
Udal Gobernuak azpimarratu duenez, mantentze eta berrikuntza egokiak ezinbestekoak dira azpiegituren zahartzea prebenitzeko, haien funtzionaltasuna eta eraginkortasuna bermatzeko eta herritarrei erabilera-baldintza egokiak eskaintzeko.
Prozesu administratiboa eta lanen egutegia
Proiektua bideratzeko prozesu administratiboa konplexua izan da: 2025eko udan lehiaketa publikoa bi aldiz atera zen, baina bietan hutsik geratu zen, enpresak aurkezteko baldintzak erraztu arren. Bide administratibo arruntak agortuta, Udalak negoziatutako kontratazioa bideratu zuen 2026ko udaberrian.
Horri esker, Orona enpresak jada konfirmatu du lanen planning-a, zeina bi fasetan egingo den herritarrengan eragina gutxitzeko:
● Beheko igogailua (Ferixalekua): Irailaren 28tik azaroaren 30era bitartean egingo dira lanak.
● Goiko igogailua (Altamira): Urtarrilaren 11tik martxoaren 25era bitartean berrituko da.
Abenduan etenaldi bat egingo da Gabonetako joan-etorriak ez oztopatzeko. Izan ere, egun horiek mugimendu handikoak izan ohi dira, eta herritarrei zerbitzua bermatu guran hartu du erabakia Udalak.
Herri-busa dohainik lanek iraun bitartean
Fase bakoitzak bi hilabete eta erdiko iraupena izatea aurreikusten da, eta auzokideeii irisgarritasuna bermatze aldera San Frantzizko (L1-igoera) eta Azokako (L1-igoera) eta JL Iñarrako (L2-jaitsiera) geltokietan bidaia doakoa izango da lanek iraun bitartean.
Igogailu berrien ezaugarri nagusiak
Instalatuko diren igogailu berriek erabilera intentsiborako prestaturiko elementu tekniko berritzaileak izango dituzte:
● Bandalismoaren aurkako babes berezia.
● Edukiera zabalagoa: 13 pertsonarentzat edo 1.000 kg arteko pisua jasateko gaitasuna.
● Irisgarritasun eta segurtasun elementuak: LED argiak, audio bidezko seinaleztapena, braille sistemak, gorabeheren berri emateko sistema automatikoak eta larrialdietarako 24/7 arreta zerbitzua.
Aurrekontuaren barruan (176.000 € BEZ gabe), igogailu zaharrak desmuntatzea, berriak muntatzea, legalizazioa, mantentze-lanak eta salmenta osteko zerbitzua sartzen dira.
Kanpo itxitura errefortzua, erasoak ekiditeko
Azken hilabeteetan kanpo itxitura bereziak jarri dira Ferixalekuko igogailuan. Azken erasoak jai egunetan izan dira, eta, ondorioz, Udala aztertzen ari da, igogailua babesteko asmoz, jai egunetako gauetan berau ixtea. “Egun jakinetan izango da, eta gaueko ordutegian. Izan ere, erasoek eragiten duten kaltea ekonomikoa izateaz gain, nagusiki soziala da, Altamira inguruko bizilagunei eragiten diena. Herritarren irisgarritasun unibertsalari eraso eta kalte zuzena izanik” azaldu dute Udaletik.