Arrasateko Udalak eta ArtGazki elkarteak 2027ko udal egutegia osatzeko IV. Argazki Lehiaketa aurkeztu dute
2026/07/21
Arrasateko Udalak eta ArtGazki argazkilari elkarteak elkarlanean deitu dute herriko 2027ko egutegia osatuko duten irudiak hautatzeko argazki lehiaketa. Lankidetza honen helburua herritarrek ateratako argazkien bidez 2027ko Udal Egutegian Arrasateko txokoak eta aniztasuna islatzea da.
Berrikuntza nagusia: parte hartzeko sistema berria
Aurtengo edizioaren berrikuntza nabarmenena argazkiak aurkezteko prozesuan dago. Orain arte lanak posta elektronikoz bidaltzen baziren ere, oraingoan ArtGazki elkartearen webgunea ( https://artgazki.org/parte-hartu-participa/ ) baliatuko da sistema gisa. Aldaketa honek parte-hartzaileei argazkiak igotzeko prozesua erraztuko die. Gainera, sistema berri honi esker, igotzen diren argazkiak herritar guztien bistara egongo dira, prozesu irekiagoa eta parte-hartzaileagoa sustatuz.
Lehiaketaren xehetasunak
- Parte-hartzaileak: 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, arrasatearra izan ala ez.
- Gaia: Argazkiak Arrasaten egindakoak izan behar dira, 2025eko urritik 2026ko irailaren 30era bitartean. Auzoetako irudiak eta herriko aniztasuna islatzen dutenak bereziki baloratuko dira.
- Teknikak: Argazkiak horizontalak eta JPG formatukoak izan behar dira (gutxienez A4 neurrikoak eta 250 ppp-ko erresoluziokoak). Mugikorrarekin ateratakoak ere onartuko dira.
- Epea: Argazkiak bidaltzeko gaur hasi eta azken eguna 2026ko irailaren 30a izango da.
- Kontsultatu oinarri guztiak hemen.
Sariak eta Epaimahaia
Guztira 13 argazki hautatuko dira (hamabi hilabeteetarako eta portadarako), eta irabazle bakoitzak 150 euroko bonoa jasoko du herriko komertzioetan gastatzeko. Epaimahaia Udaleko, ArtGazkiko, Ibai Arteko eta ostalarien elkarteko kideek osatuko dute.
Udalak arrasatear guztiak animatu nahi ditu parte hartzera, guztion begiraden bidez 2027ko egutegia osatuko duten irudirik onenak aukeratzeko.