Arrasateko Udalak eta bertako Nagusien Kontseiluak jubilatu eta pentsiodunentzako gida informatiboa sortu dute

2020/06/10
Pertsona nagusiei eta pentsiodunei zuzendutako zerbitzuen inguruko informazio interesgarria zabaltzeko sortu da gida, eta BAZen eta jubilatuen etxeetan egongo da eskuragarri. Arrasateko Udalaren eta Nagusien Kontseiluak elkarlanaren fruitua da gida

Arrasateko Nagusien Kontseilua osatzen duten elkarteek, Udalarekin batera, 65 urtetik gorako jubilatu eta pentsiodunentzako gida lagungarri bat sortu du. Haientzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuen berri ematen da: helbideak, telefonoak, ordutegiak etab. BAZen eta jubilatuen etxeetan egongo da eskuragarri.

Garrantzitsua da herriko adin tarte guztien beharrak asetzea. Arrasateko jubilatu eta pentsiodunek dituzten aukerak ezagutarazteko pauso bat eman du Udalak Nagusien Kontseiluarekin batera sortutako gida informatiboan, herriak badituelako baliabideak adinekoen beharrak erantzuteko.

Gidan zerrendatuta agertzen dira nagusiek eskuragarri dituzten guneak, laguntzak eta aktibitateak: jarduera fisikoa egiteko tokiak, haientzat prestatutako ekintza kultural eta hezitzaileak, aisialdiko jarduerak, udal gizarte zerbitzuak, udalerriko elkarteak eta laguntza ekonomikoak.

Kirola egiteko instalazioak adin guztietara moldatzen dira Arrasaten. Musakolako Kiroldegiak kirol desberdinak egiteko ikastaroak eskaintzen ditu nagusientzat ere bai. Bestalde, Arrasateko parkeek jarduera fisikoak egiteko ekipamenduak dituzte: Gernika Zumardiak gimnasia makinak ditu eta Gazteluondo pasealekukoak ping-pong mahai bat, esaterako.

Ekimen sozialetan parte-hartzea ere oso aberasgarria da jubilatuentzat: Portaloi Kultur elkarteak euskal kantu herrikoiak eta euskal erromeria dantzak lantzen ditu, adin guztietako pertsonekin. Gainera, urtean lau edo bost lekutara egiten dituzte irteerak kantatzera edo dantzatzera.

Kultura eta hezkuntzari dagokionez ere aukera zabala eskaintzen dute Udalak eta Nagusien Kontseilua osatzen duten elkarteek. Liburutegia zabalik dago herritar guztientzat eta egunkariak, liburuak eta aldizkariak doan irakurtzeko aukera ematen du. Adinekoentzat ikastaroak ematen dituzten elkarte ugari ere badaude: Helduentzako Hezkuntza zentroa, Debagoiena esperientziaren eskola, KZ Gunea, Emakumeen Txokoa, Osasun Eskola etab.

Amaia antzokian kultur emanaldi esanguratsuak eskaintzen dira eta hilero bidaltzen da agendaren inguruko informazioa etxeetara. Aisialdiko jarduetarako, azpimarragarriak dira Imserso elkarteak pentsiodunen bizitza aktiboa bultzatzeko sortzen dituen programak.

Gainera, Arrasaten badira lau erretiratuen elkarte: Abaroa (Etxaluze eraikinean) urtero antolatzen ditu gimnasia, eskulanak, yoga, memoria, taichia eta dantza lantzeko ekimenak; Toki Argik (Santa Teresa kalean) bingoa, bolilloak, bainikak, eskulanak eta memoriarako aktibitateak eskaintzen ditu; Uribarrik (Usaetxe Plazan) mantentze gimnasia, pintura, memoria, yoga eta dantzak ematen ditu eta, Musakolak, berriz, Gipuzkoa Etorbidean, mantentze gimnasia, eskulanak eta memoriarekin lotutako ekintzak. Horiez gain, udalerrian helburu sozialak dituzten beste hainbat elkarte daude, irabazi asmorik gabekoak: Akabo, Afagi, Atece, Caritas, Ekin emakumeak, Elkarhezitzen, Gautena, Hurkoa, Imme, Kaobi, Harreman, Mundukide, etab.

Arrasateko Udalak Gizarte Zerbitzuak ere jartzen ditu herritarren eskura. Eginkizun nagusia herritarren behar sozialak antzematea eta horiei erantzutea da. Adineko pertsonak Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke mendekotasun balorazioak egiteko edo prestazio ekonomikoen eta bestelako laguntzen inguruko informazioa eskatzeko.

Aipatutako zerbitzu horiek guztiak eta gehiago ageri dira jubilatu eta pentsiodunentzako gida informatiboan, helbidearekin eta telefonoarekin, adin nagusikoek eskura dituzten zerbitzuak ezagutu ditzaten.

Azkenik, hauek dira Arrasateko Nagusien Kontseilua osatzen duten elkarteak, Udalarekin batera gida baliagarri hau sortu dutenak: Arrasateko jubilatuen lau elkarteak, Bizi Poz, Caritas, Sasoibide,  Duintasuna, Iturbide egoitza eta Udaleko ongizate zerbitzua.

 

Gida hemen eskuragarri duzu.