Arrasateko Udalak eta Gurutze Gorriak elkarlanean, Elkartasun txartela jarri dute abian, Eroskirekin lankidetzan, 93 familia zaurgarriri erosketak bermatzeko

2020/05/15
Card image cap
Arrasateko Udalak eta Gurutze Gorriak pandemiaren ondoriozko Alarma Egoera ezarri berritan jarri zuten abian herritar zaurgarrienei gutxieneko baliabideak bermatzeko laguntza ekonomikoa: espezietan gauzatzen da Udalak kostua asumituz, erosketak eginaz, eta horien banaketa Debagoienako Gurutze Gorriaren lankidetzaz egiten ari da Udala.

Koronabirusaren aurrean, Arrasateko Udalak bi premisa nagusirekin egin du lan: herritarrak babestu eta ehun ekonomikoaren sustapena. Covid 19aren pandemiak egoera sozial eta ekonomiko larria eragin du; ekarri du bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden herritarren bizitza erabat okerrera baldintzatzea.

Esan bezala, lehen unetik ‘armarri soziala’ eraiki nahi izan du Udalak, beste erakundeek jaulki dituzten laguntzen osagarritasuna bilatuz. Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez, egoera larrienei erantzuna eman nahi izan die gutxieneko babesa bermatze aldera. Hori horrela, herritar zaurgarrienei gutxieneko baliabideak bermatzeko laguntza ekonomikoa jarri zen abian martxoaren bigarren hamabostaldian, pandemiaren ondoriozko Alarma Egoera deitu berritan. Laguntza neurri hau espezian gauzatzen da Debagoieneko Gurutze Gorria erakundearekin lankidetzan.

Egun, guztira 93 familia unitatek jasotzen dute laguntza. Kopuruak gora egin du denbora gutxian. Horrek Gurutze Gorria eta Udalak hasiera batean adostutako metodologia zaildu du:  laguntza ekonomiko horren onuradun kopuruak gora egin duen neurrian, logistika zaildu da, eta bestalde ikusi da laguntza behar duten familia unitate asko autonomoak direla erosketak eurek egin ahal izateko eta erosketa saskia erabakitzeko euren familia unitatearen beharretara egokituta.

Laguntza bermatzeko, Elkartasun txartela

Gauzak horrela, ikusi da zailtasunak saihesteko modua Elkartasun Txartela deritzona abian jartzea dela. Txartel hau abian jarri da Eroskirekin adostu berri den lankidetza hitzarmena medio. Proiektua Udalak, Eroskik eta Gurutze Gorriak garatuko dute.

Gizarte Zerbitzuek jarraituko dute eskaria jasotzen eta onartzen. Onuradun bakoitzari txartela egin eta Udalak izendatutako zenbatekoarekin Arrasateko Eroskiren bi dendatan erosketak egin ahal izango ditu familia unitate bakoitzak.  Astero aginduko dira errekargak, erabileraren arabera eta aurrez onartu ziren muga ekonomikoen barruan.  

Ezintasunen bat duten herritarrei, zeinak ezin duten saltokira bertaratu, Udalak orain arteko zerbitzu bera eskaintzen jarraituko du Gurutze Gorriaren bitartez.

Udalak, kontuan izanda herriko merkataritzak bizi duen egoera, aztertu du saltoki txikiekin burutzea ekimen hau. Hala ere, alde batetik familia kopuru onuradun handiak eta bestetik,  erosketa saski bakoitzaren produktu mota ezberdinak eta hauek erosketa bakar batean eskuratzeko zailtasunak  medio, egokiagoa ikusi da beste batzuk izatea herriko merkataritzaren sustapen bide. Horien artean daude erosketa bonoak, kultur ekintzen dinamizaziorako errekurtsoak, tokiko merkataritzaren aldeko kanpaina, edo merkataritza sustapenerako laguntzak. Bestalde Udalak, ur tasa, zabor tasa eta bide okupazioaren seihileko bonifikazioa eta terrazen espazioa biderkatzeko baimena eman du.

Etxez-etxeko laguntzekin aurrera

Gainera, pandemiaren aurrean, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, COVID-19ari aurre egiteko Erantzun Plana osatu zen, bi neurri nagusi abian jarriz: Konfinamenduan edo berrogeialdi-neurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa gauzatzea. Guztira 100 bolondres inguru mobilizatu dira eta 34 pertsona artatu dira, batez ere, erosketak, medikamentuak edota pertsona nagusiei arreta eginaz.

Beste alde batetik, 80 urtetik gorako herritarrei deitu die Udalak banan-banan laguntza eskaintzeko, erosketak egiteko, jarraipen telefonikoa, etab.