Arrasateko Udalak eta Ibai-Arte merkatarien elkarteak lankidetza hitzarmena izenpetu dute herriko saltokiak sustatzeko

2022/06/06
• Udalak guztira ia 72.000 euroko dirulaguntza emango dio elkarteari lan lerro bi garatzeko, sustapena eta digitalizazioa.

Arrasateko Udalak eta Ibai-Arte merkatari elkarteak lankidetza hitzarmena izenpetu dute herriguneko merkataritza sektorea indartzeko eta haren digitalizazioa bultzatzeko. Udalak guztira ia 72.000 euroko dirulaguntza emango dio elkarteari lan lerro bi garatzeko, sustapena eta digitalizazioa.

Maria Ubarretxena alkateak eta Jon Apraiz Ibai-Arte merkatari elkarteko zuzendariak lankidetza hitzarmenaren xehetasunak azaldu dituzte prentsa agerraldian.

“Arrasateko txikizkako merkataritzako zenbait sektorek gastu-ihes nabarmena jasaten dute; besteak beste, merkataritza guneetako eskaintza zabalagoaren ondorioz, kontsumo ohituretan izan diren aldaketengatik edota on-line bidezko erosketengatik, beste hainbaten artean. Faktore horiekin guztiekin, lehiakortasun maila gora doa, eta gero eta ohikoagoa da merkatu potentzial beragatik hainbat merkataritza gunetako eskaintzak lehian aritzea (herriguneko dendak, saltoki guneak, azalera ertaineko denda espezialistak...). Gainera, azken urtean Covid-19aren pandemiak eragin du on-line bidezko erosketak ugaritzea” nabarmendu du Maria Ubarretxenak.

Arrasateko Udalak berea du herriguneko merkataritza sektorea indartzearen eginkizuna. 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetan, Covid-19aren pandemiak eragin izugarria izan du tokiko ekonomian, eta bereziki merkataritza eta ostalaritza arloan, eta udalak hainbat ekimen jarri ditu abian egoera arintze aldera.

Bide horretan, 2022an, Ibai-Arterekin elkarlanean, hitzarmen honetan, honako ekimen hauek bultzatuko dira: Merkemerkaua, Moda desfilea, Kalean kontzertuak, Ekitaldi kulturaletarako sarrerak, Erosketa txartelekin zozketa, Merkataritza Berdearen Astea, Gabonetako kanpaina, Fidelizazio kanpaina, ‘Erosketak, Nik Arrasaten!’ kanpaina, Magialdia, Arrasate Blues… eta beste hainbat.

Horiek bultzatzeko, udalak 31.000 euroko ekarpena egingo dio Ibai-Arte merkatari elkarteari.

Digitalizazioan ere fokua

2020an eta 2021ean COVID-19aren pandemiak eragin zuen online bidezko erosketak igotzea eta agerian utzi du merkatari txikiek digitalizatzeko beharra dutela merkatuaren eskariari egokitzeko. Pandemiak online kontsumitzaile berriak erakarri ditu merkatura eta kontsumitzaile zaharren erosketa kopurua areagotu du. Online salmentek errekorrak lortu dituzte, pandemiak zuzenean eragin baitie.

“Pandemiaren ondorioz agerian gelditu dira hainbat aspektu: denda txikiak mundu digitalera salto egiteko daukaten beharra, teknologiak aurrera egin duela, baina txikizkako denden digitalizazioak abiadura motelagoa daramala eta beharra dutela bezeroekiko harremana garatzeko, besteak beste” adierazi dute.

“Internet da gaur munduari zabalik dagoen erakusleiho birtuala, eta herritarrek erabiltzen dute produktuen kontsultak egiteko eta erosketa gauzatzeko. Horregatik, beharrezkoa ikusten da txikizkako merkataritzaren digitalizazioa eta bezeroekiko harremana sendotzea, teknologiak erabiliz. Ez gara ari market place birtual bat sortzeari buruz. Digitalizazio kontzeptua modu integralean ulertu behar da. Tokiko merkatari txikien helburuak jarraitzen du izaten jendea kalera eta dendara erakartzea. Eta horretarako, haien irudia, kudeaketa sistema eta bezeroekiko harremana modernizatu gura ditugu” berretsi du udalak.

‘Arrasateko Merkataritzaren digitalizaziorako estrategiak - 360ºko Estrategia Digitalizaziorako’ plan estrategikoa landu da. Plangintza hori zuzentzen zaie Ibai-Arteko bazkideei eta Arrasateko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore osoari. Arrasateko Udalak 40.700 euroko ekarpena egingo dio Ibai-Arteri Arrasateko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Digitalizatzeko estrategiak egin ditzan.

Arrasateko Udalak 3.000 ‘Euskadi bono denda’ bonu gehiago merkaturatuko du Arrasaten

Abian da Euskadi Bono Denda kanpaina, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatuta, Arrasateko Udalaren babesarekin.

Arrasateko Udalak 30.000 eurorekin finantzatuko du kanpaina Arrasaten, eta herrian 3.000 bonu gehiago merkaturatuko ditu, Eusko Jaurlaritzaren eskutik udalerriari dagokion bonu kopuruaren osagarri (5.880). Gipuzkoan 165.000 bono banatuko dira guztira.

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketak egiteko, hau da, % 30etik gorako deskontua.

Programa honetako deskontuak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako pertsonek. Pertsona bakoitzak gehienez ere bost deskontu bonu batu ahal izango ditu, 50 eurokoak, eta hainbat establezimendutan edo establezimendu bakar batean erabili ahal izango dira, baita erosketa bakar batean edo gehiagotan ere.