Arrasateko Udalak eta Osakidetzak akordioa izenpetu dute Ospitale inguruan 42 aparkaleku berri sortzeko

2021/04/26
Egokitzapen lanak Osakidetzak finantzatuko ditu. 2021eko bigarren seihilekoaren hasieran burutuko da obra eta egindako azterlanaren arabera, 160.000 + BEZ euro inguruko inbertsioa izango litzateke.

Arrasateko Udalak eta Osakidetzak Debagoienako Ospitale inguruan aparkaleku berriak sortzeko adostasuna lortu dute. Honela, Ospitaleak egun duen aparkaleku beharrari erantzungo zaio. Prentsa agerraldian aurkeztu dute akordioa Maria Ubarretxena alkateak eta Nestor Arana Osakidetzako Ekonomia eta Finantzetako Zuzendariak.

Egun, Ospitaleak, inguruan dauden aparkalekuez gain, 100 aparkaleku ditu Fagor Arrasate S.COOP. lantegiaren alboko eremuan. Ordea, aparkaleku berri gehiagoren beharra sumatu dute Osakidetza eta Udalak azken hilabeteotan. Horren harira, inguruaren azterlana burutu dute.

Udalak eta Osakidetzak ebatzi dute Txaeta kalean dagoen lur eremu bat egokia dela aparkaleku berriak sortzeko behin-behinekoz. Lagapena egingo dio Udalak Osakidetzari lursail hori aparkaleku gisa erabili dezan.

Lurzatian 42 toki inguruko aparkaleku bat gaituko da eta Fagor Arrasate S.COOP. lantegiaren alboko eremuko 100 aparkalekuen osagarri izango da.

Egokitzapen lanak Osakidetzak finantzatuko ditu. 2021eko bigarren seihilekoaren hasieran burutuko da obra eta egindako azterlanaren arabera, 160.000 + BEZ euro inguruko inbertsioa izango litzateke.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu duenez “herritarren ongizatea dugu jomuga nagusi. Ospitaleak eskaintzen duen zerbitzua lehentasun osokoa da, funtsezkoa. Horrexegatik garrantzitsua da herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Aparkaleku hauen bitartez erabiltzaile, familia, eta langileen egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetuko dugu”.

Aparkaleku sisteman mugimendua bultzatu nahi dute bi erakundeek. Horretarako TAO sistema ezarriko da bertan, doakoa, baina gehienez bi orduz aparkatu ahal izango da bertan egunean. Honela erabiltzaileen joan etorria bermatu nahi da eta pazienteak lehenetsi aparkatzeko unean. Ospitaleko langileentzako baimen bereziak luzatuko dira.

Zalduspeko aparkalekuak eraikitzeko lanei datorren astean ekingo zaie

Otsailaren 24an ekin zitzaien Zalduspeko bus geltokia egiteko lanak, Etxaluze-Mahala Ekobulebarraren proiektuaren barruan kokatuak. Esparru berriak behin-behineko bus geltokia izango du aurrealdean, eta atzeko aldean parking bat egokituko da gaur egungo aparkaleku plazak bermatzeko.

Bi fasetan ari dira burutzen lanak: jada autobus geltokia aurreratua dago, eta orain, aparkalekuak kokatuko diren lurzoruan dauden pabilioiak eraisteari ekingo zaio datorren astean.

Guztira 65 aparkaleku inguru sortuko dira bertan. Autobus geltokiaren eraikitze eta ingurua atontze lanak maiatzean amaituko ditu Udalak.