Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeriak “Atzerritartasunaren inguruan berbetan” programaren bigarren edizioa abiatuko dute, ezohiko erregularizazioa gai nagusitzat hartuta
2026/04/15
Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak, elkarlanean, “Atzerritartasunaren inguruan berbetan” programa jarriko dute martxan aurten, bigarren urtez jarraian. Ekimen honen helburu nagusia atzerritartasun-araudiaren inguruko informazio fidagarria gizarteratzea da, saio informatiboen bitartez herritarren eskura jarriz. Oraingoan, gainera, onartu berri den ezohiko erregularizazioa izango da gai nagusia.
Ezohiko erregularizazioa gai nagusia
Gaur egungo testuingurua dela eta, aurtengo programak garrantzi berezia emango dio Espainiako Estatuak iragarri duen ezohiko erregularizazioari, egoera irregularrean dauden pertsonei zuzendua. Hori dela eta, lehenengo bi saioak prozedura honen ingurukoak izango dira: lehenengoan gako nagusiak azalduko dira, eta bigarrenean aplikaziorako espazio praktiko bat eskainiko da.
Lehen saioaren xehetasunak
Lehenengo hitzordua apirilaren 20an izango da, 18:30ean, Kulturateko Areto Nagusian. Saio honetan, SOS Arrazakeria Gipuzkoako aholkulari juridikoa den June Dávila arituko da hizlari gisa.
Saioa irekia da eta interesa duen pertsona orori zuzenduta dago, dela norbanako, gizarte-erakundeetako kide, profesional edota boluntario. Antolatzaileen helburua informazio kontrastatua eta baliagarria eskaintzea da, gai honen inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko.