Arrasateko Udalak etxebizitza diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko dizkie herritarrei maiatzaren 18an

2026/05/11
Card image cap
“Ate berri bat etxebizitza eskubideari” izenburupean, saioak Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu izendatu izanak ekarriko dituen neurriak eta aurreikusitako 5 milioi euroko inbertsioak xehetuko ditu. Ekitaldia Kulturateko Areto Nagusian izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu izendatu berri duten honetan, Arrasateko Udalak aurrerapauso bat eman nahi du herritarrekin batera, eta jendaurreko aurkezpen publikoa antolatu du herriko etxebizitza egoeraren diagnostikoa eta datozen urteetarako Ekintza Plana ezagutarazteko.

Hitzordua maiatzaren 18an izango da, 18:00etan, Kulturateko Areto Nagusian, "Ate berri bat etxebizitza eskubideari" lelopean. Bertan, etxebizitza negozio soil bat izan beharrean, herritarren zerbitzura egongo den oinarrizko eskubide gisa bermatzeko bide-orria aurkeztuko da.

Diagnostikoa eta irtenbideak 

Aurkezpenean, azterketaren egileek, Imanol Esnaolak eta Gillen Txintxurretak, azken urteetako datu adierazgarrienak azalduko dituzte. Besteak beste, alokairuaren prezioak 2017 eta 2022 artean izan duen %23,9ko igoera eta babes publikoko etxebizitza parkearen gabezia (%8,07koa besterik ez dena) aztertuko dituzte.

Datu horiei aurre egiteko, Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak Udalak diseinatu duen lau ardatzeko Ekintza Plana aletuko du:

  1. Alokairu eskuragarria sustatzea: Etxebizitza babestuak sortzeko asmoa, beste erakundeekin elkarlanean.
  2. Berritzea: Lokalak etxebizitza bihurtzeko eta etxe handiak zatitzeko erraztasunak.
  3. Kontrola eta gobernantza: Alokairuaren prezioei muga jartzea eta etxe hutsei zerga berezia aplikatzea.
  4. Laguntzak: Gazteentzako laguntzak eta etxeak merkaturatzen dituzten jabeentzako hobari fiskalak.

5 milioi euroko inbertsioa 

Udalak bere konpromiso ekonomikoaren berri ere emango du saioan. Guztira, 5 milioi euro inguru bideratuko dira etxebizitza politika berrietara, San Andres Berriko lursailak lagatzea (1,7 milioi euro) eta La Merced eraikina erostea (3 milioi euroan) barne, bertan belaunaldiarteko etxebizitza proiektu aitzindari bat garatzeko.

Adierazi dutenez, izendapen honek "tresna juridiko berriak" ematen dizkio Udalari merkatuaren dinamikak mugatzeko eta bizitza duinerako oinarrizko zutabea den etxebizitza babesteko. Horregatik, Udalak herritar guztiak animatzen ditu aurkezpen honetan parte hartzera, Arrasateren etorkizuneko etxebizitza eredua bertatik bertara ezagutzeko.

Hitzordua:

  • Aurkezpena: Arrasateko etxebizitza diagnostiko eta ekintza planaren aurkezpena.
  • Hizlariak: Garazi Etxeberria (Zinegotzia), Imanol Esnaola eta Gillen Txintxurreta (Txostena egin duten teknikariak).
  • Eguna: Maiatzak 18.
  • Ordua: 18:00.
  • Lekua: Kulturateko Areto Nagusia.