Arrasateko Udalak "Euskararen Herri Plana" diseinatzeko lan-saio irekiak egingo ditu herritarrekin
2026/04/13
Arrasateko Udalak herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du datozen urteetarako “Euskararen Herri Plana” diseinatzeko prozesuan. Helburu nagusia herrian euskaraz bizi ahal izateko zer behar den aztertzea eta etorkizuneko bide-orria guztien artean zehaztea da.
Horretarako, bi lan-saio ireki antolatu dira Kulturateko Loramendi gelan, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara:
- Lehen saioa: Apirilaren 21ean.
- Bigarren saioa: Maiatzaren 5ean.
Etorkizuneko erronkak finkatzeko helburua
Saio hauen bidez, udalak herritarrekin diagnostikoa partekatu eta euskararen egoera arloz arlo aztertu nahi du. Topaketa hauetan, herriko indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatu ahal izango dira, etorkizuneko erronkak finkatzearekin batera.
Udaletik azpimarratu dute herritarren begirada eta ekarpenak jasotzea oso garrantzitsua dela plana osatzeko orduan. “Hori dela eta, arrasatear guztiak gonbidatuta daude saio hauetan parte hartzera eta deialdia zabaltzera, guztion artean euskararen etorkizuna marrazteko” azaldu dute.