Arrasateko Udalak Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak berrituko ditu udazkenean, egungoak ordezkatuz
2025/07/22
Arrasateko Udalak Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak ordezkatuko ditu udazken honetan. Udalak dagoeneko argitaratu du esleipen prozesua, eta lanak kontratua sinatu eta lau hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da, hau da, udazkenean. Egungo igogailuak kendu eta segurtasun, irisgarritasun eta erabilerraztasun handiagoa eskainiko duten modelo modernoagoekin ordezkatuko dira.
“2025eko aurrekontuen exekuzio aurreikuspen lanen barruan zegoen Ferixalekuko eta Altamirako bi igogailuen eraberritzea. Erabilera handiko igogailuak izateaz gain, azken urteetan eraso bandaliko ugari jaso dituzte. Horren ondorioz, egoera txarrean daude eta matxura ugari dituzte. Neurri honekin, goiko auzoetako bizilagunen irisgarritasuna eta bizi kalitatea bermatzen dugu” azaldu du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.
Igogailu modernoak eta bandalismoaren aurkako babesarekin
Lehiaketara atera diren pleguek igogailu berrien ezaugarriak zehazten dituzte. Honako ezaugarriak izango dituzte, besteak beste, bi igogailuek:
- Erabat berriak diren bi igogailu moderno instalatuko dira.
- Bandalismoaren aurkako babes berezia izango dituzte.
- Erabilera intentsiborako prestatuta egongo dira.
- 13 lagunentzako edukiera izango dute, eta 1.000 kg arteko pisua jasateko gaitasuna.
- Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko elementu tekniko berritzaileak izango dituzte: LED argiak, audio bidezko seinaleztapena, braille sistemak, gorabeheren berri emateko sistema automatikoak, eta larrialdietarako 24/7 arreta.
Lanak udazkenean egingo dira
Igogailu berriak instalatzeko prozesua lehiaketa prozesuan dago, beraz, aurreikuspena da lanak udazkenean zehar hastea. Prozesuak 4 hilabete iraun dezake, bi igogailuen desmuntatze eta muntatze lanak egiteko.
Proiektuaren guztizko aurrekontua 176.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta enpresek prezio horren azpitik eskaintzak aurkezteko aukera izango dute. Prezioan sartuta daude igogailu zaharrak desmuntatzea, berriak muntatzea, hauen legalizazioa, mantentze-lanak eta salmenta osteko zerbitzuak.