Arrasateko Udalak Garbiketa eta Elkarbizitza Ordenantza berria aurkeztuko die herritarrei urriaren 20an Kulturaten
2026/10/15
Arrasateko Udalak urrats berri bat emango du herriko Elkarbizitza, herri zaintza eta garbiketa jasangarrirako ordenantza berria osatzeko bidean. Agintaldi hasieran iragarritako konpromisoari jarraituz, eta maiatzean abiatutako prozesuan eragileekin egindako lan-saioen ostean, herritarrei zuzendutako parte-hartze eta aurkezpen saio irekia egingo da datorren urriaren 20an, arratsaldeko 18:00etan, Kulturaten.
Saio honetan, Udal Gobernuak eta teknikariek ordenantzaren zirriborro juridikoa aurkeztuko dute. Topaketa honen helburu nagusia da herritarrek proposamena bertatik bertara ezagutzea eta beren balorazio zein ekarpenak egiteko gunea izatea, araudi berria guztion artean adostu eta aberasteko asmoz.
Prozesuaren ibilbidea: maiatzetik urrira
Ordenantza berritzeko bidea maiatzaren amaieran jarri zen martxan, Udalak aurretiazko kontsulta publikoa zabaldu zuenean webgunean zein BAZen bidez. Lehen fase horretan herritarren lehen ideiak eta 2016ko ordenantzaren gabeziak jaso ziren.
Ondoren, uztaila eta iraila bitartean, Udalak elkarrizketa eta parte-hartze saioak burutu zituen herriko dozenaka eragilerekin. Topaketa horietan ordenantzaren oinarriak aurkeztu eta sektore ezberdinen proposamenak zein kezkak bildu ziren.
Orain datorren herritarren saioarekin, parte-hartze sozialaren zikloa osatuko da, adierazpen askatasuna, prebentzioa, garbiketa jasangarria eta erantzunkidetasuna ardatz dituen testua jendaurrean jartzeko.
Jasangarritasuna eta prebentzioa ardatz
Egungo ordenantzak (2016an onartuak) izan dituen mugak eta sortutako gatazkak gainditu nahi ditu testu berriak. Horretarako, eredu berriak prebentzioa lehenetsiko du, eta herri zaintzaren ardura partekatua azpimarratuko du.
Horrez gain, babes historikoa eta adierazpen askatasuna uztartzeko adierazpen libreko gune berriak zehaztuko dira, eta zehapen-araubidea berriztuko da, zigorraren aurretik ohartarazpena edo borondatezko zuzenketa lehenetsiz.
Azken onarpena, osoko bilkuran
Saio honetan, zein datozen egunetan irekiko den epean, herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ostean, eta hala badagokio testu juridikoan txertatu ondoren, Udalak parte-hartze prozesua amaitutzat emango du. Jarraian, ordenantza berriaren proposamena Osoko Bilkurara eramango da, hasieraz onartua izan dadin. Udalbatzak bide berdea ematen dionean, alegazio-epe ofiziala irekiko da behin betiko onarpenaren aurretik.
Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu urriaren 20ko saioan parte hartzera, "guztion artean herri jasangarriagoa, garbiagoa, biziagoa eta errespetuzkoagoa eraikitzeko".