Arrasateko Udalak, Gaztelan, gazte enplegurako plan operatiboarentzako, 572.989,28 euroko diru-laguntza lortu du

2018/02/15
Lan merkatuan gazteen integrazio iraunkorrerako Europako Gizarte Funtseko diru-laguntza horietara Estatu mailan aurkeztutako 124 erakundeen artean, jasotako diru kopuruaren arabera 5. da Arrasateko Udala eta lehena Euskadi mailan

Otsailaren 1eko EAOan argitaratu ziren, lan merkatuan gazteen integrazio iraunkorrerako Europako Gizarte Funtsak ematen dituen diru-laguntzen emaitzak eta horien baitan, Arrasateko Udalak, 572.989,28 euro jasoko ditu GazteLan, Gazte Enplegurako Plan Operatiboa garatzeko. Esan bezala, Europatik datozen diru-laguntza horietan, Estatu mailan Arrasatek jasoko du 5. kopururik handiena, Estatuko eta Euskadiko hainbat udaletxe eta erakunde tartean (Bartzelona, Madril, Sevilla, Santander, etab) eta EAE mailan, aldiz, lehena (Errenteria, Eibar eta Tolosak ere jasoko dute diru laguntza).

Programa 2018 urtean zehar martxan jarriko da, ekainetik aurrera, eta 16-30 urte bitarteko 40 gaztek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Plan honek helburu du, 16-30 urte bitarteko gazte horien formazioa eta enplegagaritasuna hobetzea eta plana abiatu aurretik, Udalak, lan merkatuaren, enplegu eskaeren eta Eusko Jaurlaritza nahiz tokiko Administrazio Publikoen enplegu politiken prospekzio bat egin du, baita planeko parte hartzaileak aukeratzeko irizpideen identifikazioa ere. Jasotako diru laguntza garrantzitsua izanik GAZTELAN programa oso ondo baloratua izan da.

GazteLan plana, beraz, hazteko eta enplegua sortzeko aukera gehien duten sektoreetan zentratu da eta 3 formazio lerro aurreikusi ditu:

  • Sistema elektromekanikoen muntaia eta konponketa teknikaria
  • Nekazaritzan teknikaria
  • Elikagai industrian teknikaria

 

Plana 4 modulutan banatuko da: Formakuntza, lan praktikak, tutoretza eta laguntza ekonomikoa eta guztira 8 hilabetetan zehar aurrera eramatea aurreikusi da, 2 hilabeteko praktikekin. Formazioa %100 aurrez aurrekoa izango da eta praktikak formazio ekintzaren eduki teoriko-praktikoarekin bat etorriko dira. Praktikak formazio teorikoa amaitu ondoren edota honekin batera egingo dira, betiere, formazio teorikoaren %50 egin ondoren, eta Arrasateko edota inguruko enpresetan, enpresako tutore baten gidaritzapean egingo dira.

Arrasateko Udalaren GazteLan planak jasoko duen diru-laguntza honi esker, bataz beste, 600 euro inbertitu ahal izango dira gazte bakoitzaren formazio teorikoan, 750 euro praktikoan eta 2400 euro inguruko diru laguntza jaso ahal izango dute ikasleek, betiere, formazio teoriko nahiz praktikoan asistentzia egiaztatuta.

Horrela, helburu nagusitzat, lan munduan nahiz hezkuntza edo formazio munduan integraturik ez dauden gazteen enplegagarritasuna eta konpetentzia profesionalak indartzea duen plan honekin, Arrasateko Udalak beste urrats bat egingo du arrasatearren ongizatea bermatzeko bidean enplegua lehenetsiz.