Arrasateko Udalak, Gizabidea fundazioak eta Garaia parke teknologikoak iturripe berria ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu dute

2026/05/28
Card image cap
Sinatutako hitzarmen administratiboari esker, Udalak Iturripeko lursailaren jabetza lortuko du, bertan kirol-azpiegitura moderno eta egokiak garatu eta hiri-parke berria eraiki ahal izateko. Akordioa hiru aldeen adostasunez partzelen trukaketan oinarritzen da, herriaren etorkizuneko proiektuak eta helburuak uztartuz.

Arrasateko Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Garaia Parke Teknologikoak (S. Coop.) hiruko hitzarmen administratibo garrantzitsu bat sinatu dute, Iturripeko kirol-instalakuntzak berritzeko bidean funtsezko urratsa dena. 

Iturripe berria: herritarrentzako kirol azpiegitura eta hiri parkea

Hitzarmen honen helburu nagusia Arrasateko Udalak Gizabidea Fundazioarena den “Iturripe orubearen” jabetza lortzeko prozedura arautzea da. Udalaren asmoa eremu horretan herritarrei zerbitzu emango dieten kirol-azpiegitura egokiak proiektatzea eta garatzea da, egungo instalazioak berrituz eta hobetuz. Proiektu hau ezinbestekoa da herritarrei nahitaezko gutxieneko zerbitzuak bermatzeko eta udalerriko kirol-eskaintza modernizatzeko. Horrez gain, ibai ertza birnaturalizatuko da, ibaiaren berronetaruz.

Alde guztien arteko akordioa 

Akordioak hiru aldeen proiektuak eta helburuak uztartzen ditu partzelen trukaketa baten bidez. Hitzarmenaren garapenean, Gizabidea Fundazioarena den Iturripeko partzela eta Arrasateko Udalarena den Garaia Parke Teknologikoan kokatutako ESLD1 finka trukatuko dira. Trukaketa hau ahalbidetzeko, Garaia Parke Teknologikoak uko egingo dio eraikin horren gainean duen egungo administrazio-emakidari, eta, horren ordez, azalera-eskubide bat sortuko da bere alde, bere jarduera bermatuz.

Eskertza eta adostasuna

Arrasateko Udalak eskerrak eman nahi dizkie berariaz Gizabidea Fundazioari eta Garaia Parke Teknologikoari prozesu honetan guztian erakutsi duten adostasunerako prestutasunagatik eta lankidetzarako asmoagatik. Hiru erakundeek egoki ikusi dute trukaketa hau egitea, bakoitzaren etorkizuneko proiektuak gauzatzeko biderik egokiena delakoan.

Udalak azpimarratu duenez, hitzarmen hau sinatzea "Iturripe berria" errealitate bihurtzeko bidean eman beharreko urrats garrantzitsua izan da, herri-intereseko proiektu bati ateak zabaltzen dizkiolako.

Hurrengo urratsak

Behin hitzarmena sinatuta, aldeek jarraipen batzorde bat osatuko dute (erakunde bakoitzeko 3 pertsonaz osatua) hitzarmenean jasotako konpromisoak eta izapideak (jabetza aldaketak, erregistroko inskripzioak, etab.) behar bezala betetzen direla ziurtatzeko. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du konpromiso guztiak gauzatu arte.

iturripe_low.jpg

iturripe_low2.jpg