Arrasateko udalak gizarte kohesioaren aldeko apustuari eusten dio urtez urte

2019/01/22
Argitaratu berri diren datuen arabera, bigarren urtez jarraian, Arrasate da Estatu mailan gizarte zerbitzuetan gehien inbertitzen duen 3. udalerria

Espainiako Estatuaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak argitaratu dituen datuen arabera, 20.000 biztanletik gorako herrien artean Arrasate da, bigarren urtez jarraian, gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duen hirugarren udalerria, urteko eta pertsonako 245,80 euro, hain zuzen ere. Honenbestez, Espainiako Estatuaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak, bikaintzat jo dituen 31 udalerriren artean hirugarrena da Arrasate, esan bezala. Arrasateko Udalak, beraz, gizarte kohesioaren aldeko apustuari eusten dio urtez urte.

Aipatu Elkarteak bikaintzat jotzeko, honako baldintzak bete ditu Arrasatek:

  • Gizarte zerbitzuetan urtean, biztanle bakoitzeko, 100 eurokotik gorako inbertsioa egitea
  • Aipatu inbertsioa aurreko urtekoa baino txikiagoa ez izatea.
  • Gizarte gastua aurrekontu orokorraren % 10etik gorakoa izatea.
  • Udalak finantza-gardentasunaren printzipioa betetzea, hau da, datuak gardentasun atari batean kontrastatzea posible izatea.

 

Pertsonak ditu ardatz Arrasateko Udalaren politikak eta pertsonak ardatz izanik, ezinbestekoa da gizarte politiketan inbertitzea. Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatearen hitzetan “Gizarte osasuntsu bat, gizarte kohesionatu bat da, inor atzean uzten ez duen gizarte bat, horretarako beharrezkoa da gizarte zerbitzuetan inbertitzea eta hori gizarte osoarentzat da onuragarria”. Arrasateko alkateak etorkizunean ere bide horri eustea beharrezkoa dela dio eta Udalaren kontuen egoera ona dela eta etorkizunean inbertsio horri eustea ere posible izango dela adierazi du. “Iragarri genuen bezala, joan den hastean zero zor egoeran sartu ginen. Urte hauetan, kudeaketa arduratsuaren bidez, gai izan gara egoera horretara iristeko, inor atzean utzi gabe, gizarte kohesioan eta herritarrentzako bestelako beharretan inbertituz. Urte hauetan posible izan dena, Udalaren oraingo egoera ekonomikoan are posibleagoa izango da. Onartu ditugu aurrekontuek bide horri eusteko finantzaketa bermatzen dute eta ziur gaude datorren urtean ere antzerako datuak izango ditugula, Arrasate arduraz eta txukun lanean ari baita” amaitu du Ubarretxenak.