Arrasateko Udalak, Harreman GGKEak eta Mundukide Fundazioak lau urterako lankidetza hitzarmen berria sinatu dute, Mozambikeko landa eremuen garapena sustatzeko
2025/10/09
Arrasateko Udalak, Harreman GGKEak eta Mundukide Fundazioak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, 2025-2028 aldian Mozambikeko iparraldean —Niassa eta Cabo Delgado probintzietan— gauzatzen ari den garapen sozioekonomikorako programari babesa emateko. Hitzarmenaren bidez, Udalak urteko 20.000 euroko ekarpena egingo dio fundazioari lau urtez jarraian, guztira 80.000 euroko laguntza zuzena izanik. Modu honetan, finantziazio partida handituko du Udalak.
Egonkortutako lankidetza proiektua
Mundukidek 2002. urtetik dihardu Mozambiken, landa eremuko komunitateen bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin. Ekimena, hasieran Marrupa barrutian garatua, urteekin zabalduz joan da beste hainbat eskualdetara. Programaren ardatz nagusia da familia nekazaritzaren produktibitatea eta merkaturatze gaitasuna indartzea, komunitateen garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatuz.
4 urterako konpromisoa
Hitzarmen berriak 2019an hasitako lankidetza sendotzen du, eta Arrasateko Udalak nazioarteko lankidetzan eta garapen solidarioan duen konpromisoa berresten du. Hitzarmen honekin, Udalak 4 urteko konpromisoa hartzen du proiektuari babesa emanez, eta finantziazio iturria bermatuz.
Maider Morras Azpiazu, Arrasateko alkateak, azpimarratu du:
“Mundukide eta Harremanen lana eredugarria da, eta pozgarria da gure ekarpenak Mozambikeko komunitateen garapenari eta autogestioari laguntzea. Elkartasun baloreak bultzatuz garatzen dira proiektu hauek, komunitate oso baten garapena bermatuz. Harreman eta Mundukidek bezala, Arrasateko beste hainbat GKEk lanean dihardute garapenerako lankidetzan eta lan hori aitortzea garrantzitsua da”.
Bestalde, Enara Ruiz de Egino Arzelus, Mundukide Fundazioko ordezkariak, adierazi du:
“Arrasateko herria oro har, eta bereziki Harreman eta Udala, bidelagun onak izan ditugu urte hauetan guztietan Mozambikeko lankidetza-programan, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu. Elkarlan honi esker, programa, Mozambikeko familien ekonomian eragin nabarmena izaten ari da. Kontuan izan behar da gehienek urtean 200 euro inguruko dirusarrerak besterik ez dituztela. Mundukideko Programak teknika eta labore berriak lantzeko aukera ematen die nekazariei. Eta uztaren salmentarako merkatu berriak baliatzeko aukerak ere sortzen ditu. Modu honetan nekazariek euren dirusarrerak haztea eta dibertsifikatzea lortzen dute. Programan, urtero, 15.000 familia inguruk hartzen dute parte eta azken urtean euren ohiko laboreez gain, labore eta teknika berri batzuekin beste 5.000 hektarea landu dituzte, bi milioi t’erdi euroko diru sarrera gehigarriak lortuz”.
Sinaduran izan da ere Javi Munain, Harreman GKEren ordezkaria. bere hitzetan:
“Gaur sinatzen dugun akordioa konpromisoen akordioa da, Udalak 4 urterako Mozambikeko proiektuaren finantzaketan laguntzeko konpromisoa hartzen baitu. Oso albiste positiboa da, horrelako ekintzak funtsezkoak baitira garapen bidean dauden herrialdeen aurrerapenerako, Mozambiken kasu, baita lankidetza proiektuetarako ere, oro har”.